DATUAK

Hiru gorroto delitu erregistratu ditu Ertzaintzak 2022ean Aiaraldean, bat Laudion eta bi Orozkon

Txabi Alvarado Bañares 2023ko api. 18a, 07:00

2021eko abuztuan Amurrion jazotako eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea. / Aiaraldea.eus

Horrez gain, txostenak jasotzen du gorrotozko erasoak pairatu dituzten pertsonetako bat Laudiokoa dela eta beste bat Amurriokoa, baina ez du zehazten harremanik duten eskualdean jazotako kasuekin. EAEn, arrazakeria eta xenofobiari lotutako kasuak dira nagusi eta %53ko igoera egon da oro har 2021tik 2022ra.

Hiru gorroto delitu erregistratu zituen Ertzaintzak iaz Aiaraldean. Hala jasotzen du poliziak atzo goizean plazaratutako 2022ko memoriak. Kasu horietako bat Laudion jazo zen eta beste biak, aldiz, Orozkon. 2021ean, aldiz, mota horretako 4 delituren berri jaso zuen poliziak eskualdean. 

Horrez gain, txostenak adierazten du gorrotozko erasoak pairatu dituzten pertsonetako bat Laudiokoa dela eta beste bat Amurriokoa. Hala ere, dokumentuak ez du zehazten harremanik dagoen bi pertsona horien eta eskualdean erregistratutako 3 delituen artean.

Aurreko urteetan bezala, Ertzaintzak ez du zehaztu ezta udalerrietako delituen nolakotasuna, “herri txikietan delitu horiek jasan dituzten pertsonek biktmizazio bikoitza jasan dezaketelako”.

Gauzak hala, ezer gutxi gehiago esan daiteke eskualdean jazotako kasuen inguruan. 

%53ko igoera urtebetean

Araba edota Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, aldiz, txostenak datu esanguratsu ugari jasotzen ditu. 438 gorroto-gertakari jaso dituzte 2022ko memorian. Ia guztiak (435) dira gorroto-delituak.

Azken hirurak, aldiz, "gorroto izaerako arau-hauste administratibo" gisa sailkatu ditu poliziak. "Aztertu diren 435 delituetatik 9tan diskriminazio anizkoitzak erregistratu ziren; hori dela eta, kolektibo babestuen aurkako delituak guztira 444 izan ziren, eta kopuru hori 2022an erregistratutako gorroto-delituen kopurua baino handiagoa da", azaldu du Ertzaintzak. 

2016an ekin zion poliziak urteko txostena egiteari, eta ordutik hona delituen kopurua "esponentzialki igo" dela nabarmendu dute, batez ere, 2021etik 2022ra. Bi urte horien artean %53 hazi da delitu kopurua.

Ertzaintzaren aburuz, bi arrazoi daude ugaritze horren atzean: "Alde batetik, gorroto-delituak ugaritu izanari egotz dakioke, baina baita gizartearen kontzientziazio handiagoari eta tolerantzia txikiagoari, poliziaren eraginkortasun handiagoari, legegintzaren bilakaerari eta beste hainbat arrazoiri ere".

Arrazakeria eta xenofobia nagusi

Delitu motei dagokionez, gehienak arrazakeriari eta xenofobiari lotutakoak izan direla azpimarratu dute. Mota horretako 231 kasu erregistratu dituzte guztira, % 52, 2021ean baino % 42,6 gehiago.

Sexu-orientazio eta -identitateagatik egindako erasoak daude bigarren postuan, 96 kasurekin (2021ean baino %31,5 gehiago). Generoari lotutako kasuak, aldiz, 68 izan ziren iaz (%15,32).

Azken urteetako kasuak

2021ean 4 kasu erregistratu zituen Ertzaintzak eskualdean. Horien artean dago Amurrion urte horretako abuztuan jazotako eraso homofoboa.

2020an, aldiz, 7 kasu erregistratu ziren Aiaraldean. Orduan ere, Amurrion izan ziren gehienak, 5 guztira. Aiaran eta Laudion, aldiz, bana erregistratu ziren. 

Aurreko urteetan ere egon dira beste hainbat kasu. Artziniegako jaietan bi eraso lesbofobo salatu zituzten 2019an. Bi urte lehenago, aldiz, CD Orduñak eta Indartsu Klubak adierazpen bateratua argitaratu zuten, lehen taldeko jokalariek partida batean jasotako irain eta mehatxu homofobo, arrazista eta xenofoboak zirela eta. 

2019ko urtarrilean oso bestelako gertakaria jazo zen Lezaman: Polizia Nazional ohi bat atxilotu zuten, Ezker Abertzaleko familia baten etxearen aurka tiro egitea egotzita.

Hainbat mobilizazio egin ziren, gertatutakoaren atzean gorrotozko delitua zegoela nabarmentzeko, baina bermerik ordaindu gabe aske geratu zen atxilotua, eta ez zioten delitu hori egotzi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide