Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren hasierako onarpena eta egitasmoak eragina izango du eskualdean. Izan ere, eskala handiko parke eoliko bat eta bi azpiegitura fotovoltaiko eraiki nahi ditu Aiaraldean.
Energia eolikoa baliatuko lukeena Ganekogorta, Gazteluzar eta Mugarriluze mendien artean kokatuko litzateke. Instalazio fotovoltaikoak, ordea, Amurrion eta Aiaran egongo lirateke. Gogoratu beharra dago Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Energiaren Euskal Erakundea direla Ekiola proiektuaren bultzatzaileak; horren bidez Saratxon 3.000 metro karratu baino gehiagoko azpiegitura fotovoltaikoa egin nahi dutenak. Ekimen horrek bat egiten du dokumentuan aipatutakoarekin.
Bestalde, ezin da ahaztu duela hilabete inguru Olabezarreko biztanleek bertan behera utzi zutela plaka fotovoltaikoak jartzeko eskaintza. Edonola ere, proposamen hori erakunde pribatu batena zen. Hala ere, herritarrek salatu zuten sustatzaileek ohartarazi zietela modu batean edo bestean proiektua gauzatuko zela.
Proiektu gehiago eskualdean
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial honetan jasotako asmoen xedea da 2030ean EAEko energia berriztagarria biderkatzea. Hau da, kontsumoa %10etik %21era igotzea. Horretarako, mahai gainean jartzen diren parke eolikoak eskala handikoak dira, hau da, 30 megawat baino gehiagoko potentziadunak, baina, 50 megawattera heldu gabe, horiek Espainiako Gobernuaren eskumena baitira.
EAEko hainbat puntutan sakabanatu ditu Eusko Jaurlaritzak balizko azpiegitura horiek, Berria egunkariak grafiko honetan jaso duen moduan.
Dena den, aipatutakoak ekimen publikoak dira eta Aiaraldean badaude esku pribatuen bidez helduko direnak edo bestelako erakundeen jarduerarekin. Esaterako, Jesuri eta Untzuetako parke eolikoak enpresa pribatuen proiektuak dira.
Horiei batu behar zaie Gaztela eta Leongo Gobernuak Gorobelen instalatu nahi duena.
Aiaraldeko Mendiak Bizirik haserre herritarren parte hartzea oztopatzen delako
Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak aste honetan salatu du prentsa ohar bidez energia berriztagarrien planek Lurralde Antolamendurako Zati Planek baino balio gutxiagoa dutela, eta, ondorioz, ezingo liratekeela egitasmo hauek gauzatu, 2020an berrikusitako zati planek ez baitzituzten mahai gainean.
Horrez gain, plataformako bozeramaile bat haserre agertu da Eusko Jaurlaritzaren prozedurarekin, bere ustez, herritarren partaidetza eragozten du: "Hamalau urte behar izan dituzte plana onartzeko eta ehunka orrialdeko dokumentua da, baina herritarroi 45 egun baino ez dizkigute eman helegiteak aurkezteko. Nondik aterako dugu denbora txostena irakurri eta analizatzeko? Ez dira gure parte hartzea errazten ari".