Ekainaren 17an, larunbat goizean, Aiaraldeko (eta Espainiako Estatu osoko) udal gobernu berriak osatuko dira. Lau urteren ostean, lekuko aldaketa egongo da herri batzuetan, eta beste zenbaitetan zerrendaburuek alkatetza errepikatuko dute.
Amurrion, Okondon, Artziniegan eta Arrankudiaga-Zollon alkategai guztiek errepikatuko dute.
Hori da Amurrioren, Okondoren, Artziniegaren eta Arrankudiaga-Zolloren kasua. Lehenengo bietan EAJk jarraituko du agintean beste lau urtez eta azken bietan EH Bilduk errepikatuko du alkatetza. Aipatutako lau herrietan gobernuburua aurreko legealdiko bera izango da, eta Arrankudiaga-Zollon EH Bilduk laugarren legealdia beteko du jarraian.
Ostera, beste udalerri batzuetan aldaketa eztabaidaezina da: Urduñan, Arakaldon eta Orozkon, hain zuzen. Urduñan, EAJk alkatetza kendu dio EH Bilduri, hamabi urteren ostean. Iker Santocildes izango da Urduñako alkate larunbatetik aurrera.
Urduñan, Arakaldon eta Orozkon gobernu aldaketa eztabaidaezina da.
Arakaldoren eta Orozkoren kasua desberdina da. Bi udalerrietan, aurreko bi legealdietan buru izandako alderdiek ez zuten zerrendarik aurkeztu maiatzaren 28ko hauteskundeetan, eta bietan gehiengo osoarekin gobernatuko dute talde berriek. Arakaldoko Taldea herritar plataformak jarraipena eman nahi dio EH Bilduko Jabi Asurmendi jarduneko alkateak egindako lanari, Sonia Hidalgo buru. Orozkon, aldiz, EAJko Aitor Izak hartuko du makila. Azken herri honetan hamabi urtez gobernatu du Adie herritar plataformak, eta aurtengo martxoan bere ibilbidea amaitutzan eman zuen.
Aiarako eta Laudioko alkatetzak dira orain arte argi egon ez diren bakarrak. Aiaran EAJk azken legealdian izandako gehiengo osoa galdu du eta Aiara Batuz herritar plataforma bihurtu da alkatetzaren giltzarri. Maiatzaren 28an bigarren indarra bihurtu zen Aiara Batuz. EAJk bost zinegotzi eskuratu zituen eta Aiara Batuzek eta EH Bilduk hiruna. Gauzak hala, negoziazioekin ari dira oraindik ere hiru alderdiak, eta oraindik ez dute adostasunik lortu. Aiara Batuzen arabera, EH Bilduk oposiziotik gobernatzea proposatu die, baina independenteek ez dute aukera onartu, Iratxe Parro alkate izatea nahi dutelako. Izan ere, aldaketa eta Udalaren kudeaketa berria “alkatetzatik bakarrik lor daitekeela” uste dute. Hala, larunbateko 09:00ak arte itxaron beharko da Aiarako udal gobernu taldea nola osatuko den jakiteko.
Laudion gaur eguerdian argitu da egoera, Omniak iragarri duenean EH Bilduren alde bozkatuko duela. Gauzak hala, azken orduko aldaketarik ez badago, Ainize Gastaka izango da alkatea larunbatetik aurrera.
Udal gobernu osaketak
Larunbat goizean osatuko dituzte eskualdeko udal gobernu guztiak eta Aiaraldea komunikabideak jarraipen berezia egingo du
Larunbatean argituko dira zalantza guztiak. Ziurgabetasun handiena duten udalerriak izango dira gobernua osatzen goiztiarrenak. Aiaran 09:00etan osatuko dute datozen lau urteetarako gobernua eta Laudion 09:30ean. Ordu erdi beranduago, 10:00etan, Amurrion eta Arrankudiaga-Zollon egingo dituzte udalbatzarrak, inolako aldaketarik gabe, eta 10:30ean Artziniegaren eta Urduñaren ordua izango da. Azken honetan Itziar Bigurik (EH Bildu) Iker Santocildesi (EAJ) emango dio aginte makila
Jarraian, Arakaldoren txanda helduko da. 11:30ean Sonia Hidalgok (Arakaldoko Taldea) Jabi Asurmendiren (EH Bildu) lekukoa hartuko du. Orozkon 12:00ean elkartuko dira jarduneko zinegotziak udalbatza berria osatzeko. Adieren izenean lau urtez alkate izandako Pedro Mari Intxaurragak EAJko Aitor Izari emango dio aginte makila. Gobernua osatzen azkenak Okondoarrak izango dira. 13:30ean Jon Escuza jeltzaleak agintaritza berretsiko du, oraingo honetan gehiengo osoarekin.
Aiaraldea Komunikabideak udalbatza guztien jarraipen berezia egingo du Aiaraldea.eus atariaren zein sare sozialen bidez.