Aiaraldea Ekintzen Faktoria handitu da. Ilusioz beteta gaude, proiektua aurrera doa eta jende gehiago behar dugu. Egun, hainbat lan esparru ditu martxan Kooperatibak: Aiaraldea Komunikabidea, Hezkuntza, Kultura, Elikadura Burujabetza, Feminismoa, Ekonomia Sozial Eraldatzailea edota Komunikazio Agentzia bera (info gehiago hemen).
Interesdunek Faktoriako webgunera bidali ahalko dituzte curriculuma eta aurkezpen gutuna
Gure komunitatea euskaratik eraldatzen jarraitzeko, enplegu eskaintza sorta dakar udak denentzat. Interesdunek curriculuma eta aurkezpen gutuna Faktoriako webguneko 'Gurekin lan egin' atalera bidali beharko dituzte, lan eskaintza bakoitzean zehaztutako muga eguna baino lehen.
Hiru lan deialdi
Zehazki, hiru lan deialdi berri zabaldu ditu Aiaraldea Ekintzen Faktoriak (oinarriak eta baldintzak ikusteko klikatu bertan). Kasuan-kasuan, lanaldiak handitzeko aukera aztertuko da.
- Ikus-entzunezko langilea (%75eko lanaldia)
- Itzultzailea, zuzentzailea eta interpretea (%50eko lanaldia)
- Hezkuntzako kudeatzailea (%100eko lanaldia)
2010ean aurkeztu genuen Aiaraldea Komunikazio Leihoa proiektua, eta Aiaraldea Ekintzen Faktoria bilakatu zen 2021ean. 11 urtetan euskaraz bizitzeko hamaika tresna sortu ditugu. Elkarlana, auzolana eta lana: hiruki hori balio eraldatzaileetan eta komunitatean oinarritutako egitasmo zabal eta anitz batean borobildu nahi? Eman izena lan-deialdietan.