Amurrio, Urduña, Orozko eta Okondoko Udalek oharra plazaratu dute, bakoitzak bere aldetik, jakinarazteko ez direla egongo Laudioko Udalak deitutako bileran. EH Bilduk eta Omniak osatzen duten gobernu taldeak batzarra deitu zuen erantzun bateratua bilatzeko Osakidetzaren egoeraren aurrean, baina EAJk kudeatzen dituen tokiko erakundeek "desleialtasuna" leporatu diote.
Hain zuzen, Amurrio, Urduña, Orozko eta Okondoko tokiko erakundeek azaldu dute gutun bidez jaso zutela gonbidapena, baina erantzuna eman baino lehen "harrituta" geratu zirela "Laudioko Udalak bilera horren berri prentsari emateagatik".
"Ekintza horiek ez dagozkio bi administrazio berdinen arteko errespetuzko harreman instituzional bati", erantsi dute.
Horrez gain, lau Udalek ziurtatu dute Osakidetzaren inguruko informazioa jaso dutela zuzenean osasun erakundetik eta bilera "hauteskunde-kalkuluek eta kalkulu alderdikoiek eragin dutela".
Bileraren deialdia
Laudioko udal gobernu taldeak otsailean aipatu zuen zuela eskualdeko bilera antolatzeko asmoa, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin izandako batzarra "emaitza positiborik" utzi ez zuela argudiatuta. Gogoratu beharra dago bi erakundeen arteko elkarrizketa hori gertatu zela 42 urteko gizonezko bat hil zelako Laudioko Etengabeko Arreta Gunean medikurik ez zegoenean.
Osasun Sailak berak erantzun zuen handik eta egun gutxira, "bertsio partziala" zabaldu izana egotzita Udalari. Hurrengo egunean, aldiz, gezurrak esatea leporatu zion Omniak Osasun Sailari.
Gauzak horrela, osasun sistemaren egoera pil-pilean jarraitzen du Aiaraldean. Pasa den astean, adibidez, ESK sindikatuak salatu zuen Etengabeko Arreta Gunean medikurik ez zegoela berriro. Asteburuan, aldiz, zenbait herritarrek parte hartu zuten Osasun Sistema Publikoaren alde Bilbon eginiko mobilizazioan, berezko pankarta eramanda:
Herritar talde hori bere kabuz ari da antolatzen osasun sistema publiko eta duina aldarrikatzeko, SOS Aiaraldea mugimenduaren barruan. Gaur egingo dute bilera irekia, hurrengo urratsak zehazteko, 19:00etan Laudioko Herriko plazako erabilera anitzeko aretoan.
𝐀𝐒𝐀𝐍𝐁𝐋𝐀𝐃𝐀 𝐈𝐑𝐄𝐊𝐈𝐀
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) March 18, 2024
🗓️ Martxoak 19, asteartea
📍Laudioko Herriko plazako erabilera anitzeko aretoa
🕣 19:30
Osasun sistema publikoa defenda dezagun! ✊✊✊ pic.twitter.com/89qITJAGTM