Athleticzalez betetako eskualdea da Aiaraldea. Hori agerian geratu da azken egunetan, eskualdeko ia herri guztietan egingo baitira Errege Kopako Finalaz gozatzeko ekintzak.
Peñisten taldeek goizetik ekingo diote giroa berotzeari. Arrankudiagako Eskalza Athletic Taldeak, adibidez, egun osoko egitaraua prestatu du. Karabana egingo dute eguerdian udalerriko auzoetan barrena. Bazkaria egingo dute gero, eta Placton taldearen kontzertuarekin eta barbakoarekin girotuko dute arratsaldea, partiduaren ordura arte. Aurreratu dutenez, “sorpresa txiki” bat prestatu dute, baina ez dute jakinarazi zer izango den.
Antzeko plana dute Laudioko Zaleak taldeko kideek: poteoa, bazkaria eta DJ emanaldia antolatu dituzte Latiorro auzoan, eta pantaila erraldoia jarriko dute kalean, partiduaz bizilagun guztiak elkarrekin gozatzeko.
Artziniegako Peña Tiburoneko kideek, aldiz, “Marrazo Santuarekin prozesioarekin” girotuko dute herria, eta La Encina jatetxera joango dira gero, bertan geratu baitira partidua ikusteko.
Pantaila erraldoiak egongo dira Urduña, Amurrio eta Orozkon zein Laudioko Latiorro auzoan.
Pantaila erraldoiak
Udalak ere batu dira txuri-gorrien sukarrera. Pantaila erraldoiak jarriko dituzte Urduña, Orozko eta Amurrioko tokiko erakundeek, baina ez dira horretara mugatuko. Orozkon txosna egongo da Zubiaur plazako frontoian, 21:30etatik aurrera. Urduñan, aldiz, kalejira egongo da lehenbizi, Gesaltza fanfarrearekin.
Aiaraldea Komunikabideak Arrankudiaga-Zollo, Artziniega, Laudio eta Amurrioko athletizaleen peñak elkarrizketatu ditu biharko egunari begira. Hemen ikusi daitezke solasaldi guztiak.