Renfeko C-3 lineako trenek 5 eta 20 minutu bitarteko atzerapenak dituzte, geltokietako bozgorailuek adierazten dutenez.
Ordutegi aldaketa gertatzen ari da distantzia luzeko unitate batek matxura izan duelako eta horrek anabasa eragin du linea osoan, Ugaoko geltokian utzi baitute.
Gainera, Laudioko tren geltokian merkantziak garraiatzen dituen beste tren baten ibilbidea eten dute eta lehen nasa okupatzen du. Hortaz, trenak bigarren edo laugarren nasetan hartu behar dira.
Tamalez, egoera ez da albiste erabiltzaile askorentzat. Izan ere, sindikatuek salatu zuten moduan maiatzean, makinisten falta egon da eta, horrenbestez, zerbitzuak desagertu dira. Langileen ordezkarien aburuz, Renfeko gerentziaren erabakien ondorioz gertatu da hori, gidariek aurreko urtean metatutako aparteko lan ordu guztiak kendu behar izan dituztelako maiatzean eta ekainean.
Horri guztiari gehitu behar zaizkio etengabe gertatzen diren matxurak, bai unitateetan, zein azpiegituretan edota komunikazio sistemetan.