Inoiz jaso duen gas eta petroliorako tutu eskari handiena eskuratu du Tubacexek, multinazionalak berak jakinarazi duenez. Enpresa-taldeak ez du zehaztu nork egin duen eskaera, ezta kopurua zenbatekoa den ere, baina ziurtatu du hodi horiek guztiek egiten lana izango dutela 2026ra arte, eta Austria eta Aiaraldeko lantegiak arduratuko direla horretaz. "Bertako instalazio aurreratuak erabiliko dituzte bezeroaren estandar tekniko zorrotzak betetzeko", zehaztu dute.
Jesus Esmoris zuzendariaren aburuz, "nabarmena" da Tubacexek "baldintza tekniko konplexuei aurre egiteko duen gaitasuna", eta horrek "konfiantzazko bazkide gisa" kokatzen du konpainia, "olio eta gasaren industrian".
Modu horretan, 1.600 milioi euro baino gehiagotan baloratutako eskariak ditu egiteke Tubacexek, etorkizun ekonomiko oparoa aurreikusten duenaren seinale. Oso atzean geratu dira 2021eko garaiak, zeinetan Tubacexek argudiatzen zuen 150 langileren kostua kentzea beharrezkoa zela eskualdeko lantegien etorkizuna bermatzeko.