'Mendi' zentral eolikoaren kontrako alegazioak aurkezteko epea ekainaren 26ra arte luzatu dute

Erredakzioa 2025eko ekainaren 19a

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak hainbat alegazio bilketa antolatu ditu. / Aiaraldea.eus

Mendiak Aske plataformak egindako eskaerari baiezko erantzuna eman dio Arabako Foru Aldundiak eta horri esker luzatu dute epea.

Pasa den astean Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak jakinarazi zuen ekainaren 16an agortuko zela denbora 'Mendi' zentral eolikoaren kontrako alegazioak egiteko. Ordea, aste honetan jakin izan dute hamar egun gehiago eskaini dituztela horretarako.

Hain zuzen, Mendiak Aske taldeak eskatu zuen luzapena eta Arabako Foru Aldundiak baimendu du. Horrek esan nahi du alegazioak deskargatu, sinatu eta aurkezteko beta dagoela oraindik.

Amurrion ere puntu fisikoak egon dira eta daude alegazioak sinatzeko: Mendiko Lagunaken egoitza, Garoa liburudenda eta Okeluri jatetxea (Berganza).

Orozkon ere eragina

Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak gogor salatu duen egoera bat da 'Mendi'-k eragina duela Bizkaian, baina bertako Foru Aldundiak ez duela ezer argitaratu horri buruz. "Orozkoko 300 hektareatan sartzen da zentrala, Katadio eta Urrejola auzunetan, eta Aldundiak ez du ezer ohartarazi bere aldizkari ofizialean. Horrek ezinegona sortu du auzokideen artean", ziurtatu du plataformak.

Bide batez, taldeak azpimarratu du akats hori ez dela gertatu bakarrik 'Mendi' zentral eolikoarekin: "Arabako Foru Aldundiak agindu die Laudio eta Amurrioko Udalei erabakitzeko zeinek izapidetuko duen Ferosca I zentralaren plan berezia, baina Okondon ere eragina dauka egitasmo horrek. Aldundiek ez dute azaldu zergatik utzi dituzten Okondo eta Orozko prozesu hauetatik kanpo".

Ikertu gabeko kalteak

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformaren alegazioek proiektu energetikoaren alde anitzak jorratzen dituzte. Esaterako, zentralen metaketaren kontra egiten dute alegazioek. Ferosca eta Las Americas egitasmoen eragin eremuak 450 metrora daude eta Larragorriko kasuan 150 metro dira.

Aerosorgailuen zarataren eragina ikertu ez dela, irizpide bateratuen falta edota babestuta dauden eremu eta espezieetan sortu ditzakeen kalteak aztertu ez direla ere kritikatzen du plataformak.

Taldeak kezka berezia adierazi du Luiaondoko egoeragatik. Izan ere, herrigunea bi zentral eolikoren eragin eremuaren barruan geratuko litzateke: Ferosca eta Mendi. Larragorrikoaren eragina oso gertu geratuko litzateke, gainera. Aiaraldeko Mendiak Bizirikek uste dut kalte metatuak ikertu beharko liratekeela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide