Markixana eta Basaurbeko araztegiak 2026an hasiko dira funtzionatzen

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 29a

Funtzionamenduan sartuko diren azpiegiturak./ Urbide

Urbidek azaldu du 2026ko lehen sei hilabeteetan funtzionamendua probatzeko jarduera izango dutela azpiegiturek eta Arabako Foru Aldundiak esku hartuko duela.

Markixana eta Basaurbeko araztegiak 2026an hasiko dira lanean, Urbidek Aiaraldea Komunikabideari berretsi dionez. Julen Ibarrola Aiaraldeko batzordeko presidenteak azaldu du lehen sei hilabeteetan funtzionamendua probazkoa izango dela. "Azpiegitura eraiki duten kontratistek, Confederación Hidrográficak eta Urbidek berak lan egingo dugu elkarlanean dena ondo doala ziurtatzeko", aipatu du aiararrak.

18 langileren kontratazioa

Ibarrolak azpimarratu du erronka handia izango dutela eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza jasoko dutela horretarako. "Aldundiak lizitazioa aterako du 18 behargin kontratatzeko, Markixana eta Basaurben lan egin dezaten eta bi urtez arituko gara horrela", zehaztu du Ibarrolak.

Izan ere, bi urte horietan bermatu nahi dute funtzionamendua eraginkorra dela eta Europak isurketengatik irekitako bi zigor espedienteak bertan behera utzi nahi dituzte.

Fase gehiago

Edonola ere, araztegien eraikuntzarekin ez da guztiz konpondu Aiaraldean isurketekin dagoen arazoa. "Industria ehun osoa ez da batu Markixana eta Basaurbeko araztegi sistemara, ezta zenbait administrazio batzar edota Orozko, hortaz, oraindik ere obra gehiago egin beharko ditugu", erantsi du Urbideko kideak.

Ahalegin ekonomikoa

Ibarrolak ere nabarmendu du orain arteko obrek zein etorriko direnak ahalegin ekonomiko izugarria eragingo dutela eta, ondorioz, kudeaketa ereduari buruzko hausnarketa egin beharko dutela. Halaber, tasen balioa jarri du eztabaidaren erdigunean. "2020tik ez ditugu igo eta 2026an ere ez dugu egingo, baina gero erabaki beharko dugu nola lortzen dugun kostuen gastua ordaintzea dauzkagun bitartekoekin", ohartarazi du Aiaraldeko batzordeko presidenteak.

Momentuz, izoriarrak espero du Foru Planen eta Europar Batasuneko dirulaguntzak erakartzea, baina gogoratu du Urbidek Arabako 108 tokiko erakunde barne hartzen dituela eta horren arazoa dela —aintzat hartuta Gasteizek ez duela parte hartzen— biztanleriaren sakabanaketa oso handia dela.

Prozesu luzea

Markixana eta Basaurbeko araztegien eraikuntza bideratuta dago eskualdean sortu den arazo historikoa konpontzera. Hau da, ibaietan isurketak eta kutsadura ekiditera. Horretarako hamarkadak igaro dira eta urrats ugari egin behar izan dituzte: azpiegituren lursailak ezjabetu eta erosi, finantzazioa lortu... Eta gainera, oztopoak ere egon ziren.

2018an izan zen lehen esleipena eta behin betiko egin zuten 2020an 31 milioi euroren truke 

Bide horren mugarri oso garrantzitsua izango da, hortaz, 2026. urtea, azkenik funtzionatuko baitute azpiegiturek. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide