Aiaraldean martxan jartzen ari diren proiektu eta inbertsioen gaineko "ikuspegi orokor falta" kritikatu du EH Bilduk, eta hauen koordinaziorako zuzendaritza estrategiko baten beharra azpimarratu du.
Koalizio subiranistak ikus-entzunezkoen arloan iragarritako azken inbertsioak jarri ditu deskoordinazio horren adibide gisa. Izan ere, Arabako zein Bizkaiko Foru Aldundiek Amurrion eta Urduñan iragarri dituzte proiektuak, hurrenez hurren. "Ez du zentzurik hamar kilometro baino gutxiagora bi proiektu abian jartzea, bi zuzendaritza desberdinen menpe daudenak eta eremu berean lehiatzen direnak. Ez ditugu ezagutzen ekimen horien helburuak, ez epeak, ez finantzaketa, ez nola kudeatuko diren. Eta kezkagarriena... ez dakigu nola koordinatuko diren", adierazi du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak.
Ikus-entzunezko bi HUB eskualde berdinean
Arabako Foru Aldundiak 2025eko apirilean iragarri zuen ikus-entzunezko HUB bat bultzatzeko asmoa "filmaketak erakarri eta sektorea dinamizatzeko asmoz". Horretarako 1.100 metroko industria-pabiloia erosi zuen Maskuribai industriagunean, 600.000 euroko inbertsioa eginez. Gainera, beste 400.000 euro gorde zituen Refor enpresaldean ikus-entzunezko ekoizpenekin loturiko zentroa abian jartzeko asmoz. Foru Gobernuak Aiaraldeko Plan Estrategikoaren barruan kokatu zuen inbertsioa.
"Ez du zentzurik hamar kilometro baino gutxiagora bi proiektu abian jartzea, bi zuzendaritza desberdinen menpe daudenak eta eremu berean lehiatzen direnak"
"Orduan, Arabako Foru Aldundia harro zegoen Bizkaiko bere homologoari aurrea hartu ziolako, garai hartan horrelako pabiloi baten bila zebilelako, filmaketen aldeko apustua berrindartzeko". adierazi du EH Bilduk komunikabideei igorritako oharrean.
Arabako Foru Aldundiak Maskuriabiko pabiloiko inbertsioa egin eta astebetera iragarri zuen Elixabete Etxanobe Bizkaiako Ahaldun Nagusiak Urduñan pareko proiektu bat martxan jartzeko asmoa.
Martxoan jakinarazi du inbertsioa Bizkaiko Foru Aldundiak: 4,6 milioi euro baliatuko dituzte Urduñako Mariaren Lagundiko ikastetxe zaharreko eraikinak eta lursailak egokitzeko. Bilbao Bizkaia Ikus-entzunezko HUB proiektuaren barruan kokatu dute egitasmoa, eta Bilboko Punta Zorrotzan izango du bigarren egoitza.
Eskualdeko koordinazio falta
Aipatutako datuak esku-artean, EH BIlduk galdera sorta erregistratu duela iragarri du, "Aiaraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoaren esparruan bi proiektuak nola finantzatuko diren eta, batez ere, bi proiektuak koordinatzeko zer mekanismo ezarriko diren" jakiteko.
Aiaraldeko Plan Estrategikoaren garapenean EH Bilduk behin baino gehiagotan azpimarratu du eskualdeko udalerri bizkaitar eta arabarren arteko koordinazioa. Bide horretan, "eskualde naturaleko udalerri guztiak bilduko dituen eta eragile ekonomiko eta sozialak ere bilduko dituen organo bat sortzeko beharra" planteatu du koalizio subiranistak maiz.
Ikus-entzunezkoen arloan soilik ez, industria garapenean ere gabezia horretaz ohartarazi du EH Bilduk azken hilabeteetan. Hala nola, Aiaraldeko etorkizun industriala jorratzeko mahaiaren sorreran, iragan azaroan. Ekimena "hankamotz" jaio zela adierazi zuen Lopez de Arroyabe bozeramaileak; udalerri eta eragile bizkaitarrak bileratik kanpo geratu zirela argudiatuta.