Bere horretan jarraitzen du Javier Gilek eta bere taldeak Belchiteko zinema jaialdiarekin duten idilioak, sari berria jaso baitute aurtengo edizioan. Zehazki, publikoaren aitortza ekarri zuten pasa den astean eskualdera, Belchite D´Or tu villa de vacaciones pelikulari esker.
Aragoiko herrian egiten duten lehiaketaren ezaugarri nagusia da parte-hartzaileek 24 ordutan grabatu, ekoiztu eta aurkeztu behar dutela lana. Gainera, antolakuntzak hitz bat eta objektu bat ematen die eta filman txertatu behar dituzte derrigorrez.
Aurten, AP-68 kolektiboan biltzen diren Javier Gil eta eskualdeko beste lagun batzuek Belchiteri buruzko iragarki turistiko ironikoa prestatu dute eta publikoaren saria lortu dute horrela.
Horrez gain, Juanjo Artero (Verano azul, El comisario) antzezlea ezagutzeko aukera izan zuten, antolakuntzak aurkeztuta.
Azken garaikur horrekin, Javier Gilek eta bere kideek hainbat aitortza eskuratu dituzte udalerri aragoiar horretan. Jadanik antzezleen sariak, aipamen bereziak, bigarren postua eta accesita eskuratu dituzte.