Laudio Goikoko Autonomia Proiektuan hasiko diren Amurrioko ikasleen familiek salatu dute ez dutela garraiorik

Aitor Aspuru Saez

Egoeragatik eragindako guraso bat eta bere semea, udan ateratako argazki batean. / Aiaraldea.eus

Gaur egin dute bilera Laudio Institutuan eta Hezkuntza Ordezkaritzak garraioa ez duela oraindik kontratatu adierazi diete.

Laudio Goikoan Autonomia Proiektuan hasi behar diren bi gazteren egoera salatu dute ikasleen familiek. Izan ere, gaur Laudio Institutuak azaldu die euren garraioaren kontratazioa ez dela egin -garraio egokitua behar dute-.

Familia batek Aiaraldea Komunikabideari argitu dionez, gaur Laudio Institutuan egindako bileran adierazi diete eurek zerbitzu hori kontratatzeko lanak abiatu zituztela udan, baina Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzak esan ziela hiriburutik egingo zutela.

Ostiralean, aldiz, Ordezkaritzak kontrakoa aipatu zien. "Zorionez, enpresen aurrekontuak eskatu zituzten udan eta institutuan dokumentazioa bidali dute Gasteizera", erantsi dute gurasoek.

Datarik gabe garraiorako

Gauzak horrela, familiek ez dakite noiz izango duten garraio publikoa Laudio Goikora joateko. "Bihar nik eramango dut nire semea eta ikaskide bat, aulki gurpildunean dagoena, baina hori egingo dut oporretan nagoelako. Aste honetan amaituko ditut eta ez dakit zer egingo dugun gero. Nire bikoteak ezin ditu eraman, gidabaimena ez duelako, eta trenez eta oinez joatea ez da bideragarria", ohartarazi du aita batek.

Horrez gain, familiak salatu du agindu zietela udan amiantoa kenduko zutela Laudio Goikoan eta agerian den teilatu batean ez dutela egin.

Laudio Goikoa

Udaberrian hasi zuen hautsak harrotzen Laudio Goikoaren egoerak. Izan ere, Hezkuntza Sailak iragarri zuen itxiko zutela. Mobilizazioen ondoren, atzera egin zuen erakundeak, baina bere etorkizunaren inguruko erabakiak korapilatsuak izan dira eta autonomia gutxien duten Zereginen Ikaskuntzarako Gelako ikasleak hara bideratu dituzte eta besteak Zaraobe Institutura.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide