Helegitea ukatuta Alfredo Remirez espetxeratzea erabaki du Espainiako Entzutegi Nazionalak

Erredakzioa 2017ko ira. 26a, 22:36
Alfredo Remirez, artxibo irudi batean / aiaraldea.eus

Gaur 19:00etan elkarretaratzea egongo da Amurrioko Juan Urrutia plazan. Ostiralean, aldiz, manifestazioa egingo da toki beretik abiatuta, 20:00etan.

Alfredo Remirez amurrioarrak Entzutegi Nazionalean aurkeztutako errekurtsoa atzera bota du epaitegiak. Abokatuak Aiaraldea hedabideari jakinarazi dionez, momentuz ez du jaso kartzelaratze agindurik. "Zelan eta non errekurritu aztertzen ari gara. Autoa irmoa da, helegiteak ez luke bertan behera utziko agindua. Hala ere, geratzen saiatuko gara, edozein unetan eman lezakete espetxeratze agindua".

2017ko otsailean epaitu zuten Remirez, sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita. Akordioa lortu zuen defentsak fiskalarekin, ordea: urte eta erdiko kartzela zigorra eta 14 urte eta sei hilabeteko inhabilitazioaren kondena dela medio ez zen izan kartzelaratua.

"Txiolarien epaiketarekin atzera bota dute 2009ko auziaren suspentsioa eta espetxe zigorra betetzea ebatzi du epaitegiak. Zigorra berez ez diote ezarri, 2005ean ezarritakoaren suspentsioa atzera botatzea da egin dutena", adierazi du abokatuak. Hortaz, panpina ateratzeagatik bete beharko du urtebeteko espetxe zigorra.

Alfredo Remirezek ebazpena salatu du Twitter sare sozialean: "Espainiar estatua izan da 12 urteren ondoren urtebeteko kartzela zigorra ezartzea erabaki duena salatzeagatik dispertsioaren kontra nagoela kartoizko panpin batekin". Halaber, babes handia ari da jasotzen Remirez; besteak beste, Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatearena, Katixa Agirre idazlearena edo Igor Elortza zein Oihana Bartra bertsolariena.

 Mobilizazioak
Entzutegi Nazionalaren erabakiaren aurka protestatzeko mobilizazioak deitu dituzte. Gaur 19:00etan elkarretaratzea egongo da Amurrioko Juan Urrutia plazan. Ostiralean, aldiz, manifestazioa egingo da toki beretik abiatuta, 20:00etan. 

 KRONOGRAMA

  • 2005: Amurrioko Jaietan Jose Anjel Biguri eta Santos Berganza presoen argazkiak izendatu zituzten festetako dama eta erregin "Herriarenak" jai koadrilakoek. Txupinazoan presoen argazki-panpinak atera zituzten balkoira.
  • 2006: Amurrioko txupinazoko ekintzagatik epaitu zituzten Madrilgo Entzutegi Nazionalean. 2007an Auzitegi Nazionalaren esku geratu zen kasua.
  • 2009: Urtebeteko kartzela zigorra ezarri zieten terrorismoa goratzeagatik. Bi urte baino gutxiagoko espetxe eskaera izaki, zigorraren suspentsioa ezarri zen.
  • 2015: Sare sozialetako "Armiarma" operazioan atxilotu zuten @erreharria txiolaria, Twitterren publikatutako mezuetan terrorismoa goratzeagatik. 
  • 2017ko urtarrila: AlFREEdo plataforma herritarra sortu zuten Amurrion. Salaketa eta elkartasun kanpaina abiatu zuten.
  • 2017ko otsaila: Otsailean epaitu zuten beste txiolari batzuekin batera Remirez. Fiskaltzarekin akordioa adostu zuen.
  • 2017ko apirila: Twitterreko mezuen epaiaren ebazpena atera zen
  • 2017ko iraila: 2009ko epaiaren suspentsioa ukatzea erabaki du Espainiako Entzutegi Nazionalak. Ondorioz, urtebeteko espetxealdia bete beharko du Remirezek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide