Indarkeria matxista pairatzen duten Aiarako Kudrillako emakumeek aukera izango dute aurrerantzean arreta psikologikoa Amurrion jasotzeko. Duela astebete jarri zuen martxan Arabako Foru Aldundiak zerbitzu hori herrian, udalarekin hitzarmena sinatuta. Gaur egin dute egitasmoaren aurkezpena, udaletxean eginiko prentsaurrekoan.
Hegoak foru-zerbitzuko kideak arduratuko dira arreta psikologikoa emateaz. Udalaren lokal bat baliatuko dute horretako, eta zerbitzua erabat doakoa eta konfidentziala izango da. Interesdunek aurretiazko zita eskatu beharko dute 945891161 telefonora deituaz. Josune Irabienek nabarmendu du zerbitzua ez dagoela soilik indarkeria matxista jasaten duten emakumeei zuzendua. “Indarkeria kasu baten aurrean topatzen diren senide edo lagunei ere ”, azaldu du Amurrioko alkateak.
“Geroz eta gehiago” dira zerbitzua eskatzen duten emakumeak, Marian Olabarrietaren esanetan. Gizarte Arloko zerbitzuen foru diputatuaren ustez, Amurrion ere eskaintzeak “emakume bakoitzaren beharretara egokitzea” ahalbidetuko du. Laudion ere dute laguntza psikologikoa, baina lan-kargen eraginez ezin izan dituzte indarkeria kasuak “behar bezalako sakontasunarekin” jarraitu. “Amurrion ere eskaintzeak hori ahalbidetuko digu”, adierazi dute udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariek prentsaurrekoan.
Gogorarazi dute honakoa ez dela indarkeria matxistaren alorrean bi instituzioen arten gauzatu duten lehen elkarlana. 2006 urtean sinatu zuten hitzarmena lehenbizikoz, eta 2014an protokolo bat jarri zuten martxan. “Koordinazio bilerak egiten ditugu aldundiaren, udalaren, ertzaintzaren, alorretako teknikariek eta udaltzaingoaren artean, jarraipena egiteko”.
Laudioko zerbitzua
Horrez gain, Laudioko arreta zerbitzuaren ordutegia handituko dute. Astean bi egunekoa izatetik hiru egunekoa izatera pasako da. 944034850 telefonora deituta eskatu daiteke aurretiazko zita.
36 espediente iaz
Eskualdeko kasu kopurua galdetuta, Josune Irabienek adierazi du iaz 36 espediente ireki zirela Aiaraldean mota horretako indarkeriari lotuta; “Amurrion 7 izan ziren”. Alkateak azaldu du geroz eta gehiago direla indarkeria salatzera animatzen diren emakumeak.