LANTEGIETAKO EGOERA

Tubos Reunidos enpresak enplegua erregulatzeko espediente berria prestatuko du, laugarrena pandemia hasi zenetik

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 17a, 17:00
Sindikatuek salatu dute segurtasun eta prebentzio neurriak ez direla nahikoak./ Aiaraldea.eus

Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak jakinarazi die sindikatuei enplegua erregulatzeko espediente berria prestatzen ari dela, maiatzaren 21ean abiatzeko. Iragarritakoarekin, lau espediente prestatu ditu guztira enpresak, COVID-19 birusaren ondorioz alarma egoera hasi zenetik.

Tubos Reunidos enpresa 4. espedientea prestatzen ari da Amurrioko lantegian enplegu erregulatzeko, COVID-19 birusari lotuta. Printzipioz, prozedura formala hasiko du maiatzaren 21ean, eta ahalik eta lasterren biltzeko borondatea erakutsi dio langile batzordeari.

628 langileri eragingo die neurriak, horietako 4 eszedentzian daude. Gehienak Amurrioko beharginak dira eta beste batzuk Trapagako bulegoetan dute lantokia. 

4 espediente jadanik
Konpainiak enplegua erregulatzeko lehen espedientea abiatu zuen martxoan, "indarrezko" arrazoiak argudiatuta. Eusko Jaurlaritzak ez zuenez onartu, ekoizpen argudioak baliatuta, beste espediente bat landu zuten. Hala ere, helegitea jarri zuten, lehenengo eskaera aintzat hartu zezan Jaurlaritzak.

Erakunde autonomikoak ekarpena ontzat eman zuen gero; eta ondorioz, bigarren espedientea bertan behera geratu zen. Handik gutxira, maiatzaren 4an, Tubos Reunidos enpresako langile guztiak lanera itzuli ziren, hasierako espedientea ere bertan behera utzi baitzuen zuzendaritzak, nahiz eta uztailera arte luzatzeko asmoa izan.

Maiatzaren 6an, ordea, konpainiako agintariek adierazi zieten sindikatuei beste espediente bat aurkezteko asmoa zutela, eta egitasmo hori ere ezerezean geratu da berriki iragarri duten 4. espedientea dela medio.

Salaketa prebentzio neurrien ondorioz
Enpresako langile batzordea Lan Ikuskaritzarekin jarri da harremanetan Tubos Reunidoseko lantegian dauden prebentzio neurriak direla eta. Sindikatuen aburuz, irizpide oso orokorrak erabilita eta inprobisatuta itzuli dira beharginak lantokira, eta ez da gutxieneko segurtasuna bermatzen.

Gauzak horrela, langile bat etxera joan zen ostiralean sukarra zuelako, eta bere lankide batek salatu zuen ez ziotela jakinarazi, nahiz eta bere lanpostua hartu zuen.

Horrez gain, asteburuan beste 4 langilek utzi behar izan dute faktoria. Batek COVID-19ko balizko sintomak zituen, eta beste hiruak harremana izan dute eriarekin, maskarillak erabili gabe. Sindikatuek azpimarratu dute hori guztia gertatu dela ez direlako ganorazko prebentzio hartu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide