Dozenaka euskaltzale bertaratu ziren ostegun arratsaldean Amurrio Antzokira. Korrikaren aurkezpena egin zuten bertan, eta euskararen aldeko ekimen horren hainbat xehetasun aurreratu zituzten.
Txakur Gorria ekoiztetxeak eginiko Uhinak dokumentala proiektatu zuten lehenbizi, eta Txerra Molinuevok hartu zuen hitza jarraian. “AEKko ikasle ohi gisa, aitortu behar dut lotura berezia dudala Korrikarekin. Edizio askotan hartu dut parte, baina hau izango da bereziena, dudarik gabe”, ziurtatu zuen Amurrioko alkateak.
Ondoren, euskaren aldeko ekimen ibiltariaren nondik norakoak azaltzeari ekin zioten AEK-ko kideek. “Martxoaren 31n aterako da Korrika Amurriotik, eta egun osoko egitaraua prestatzen gabiltza ordurako”, iragarri zuten. Alabaina, ez zuten zehaztatsun askoz gehiagorik eman. Izan ere, ez dute espektatiba askorik sortu nahi, antolatu ahalko dutena pandemiaren bilakaeraren araberakoa izango delako.
Hala ere, egun osoko egitaraua antolatzeko asmoa plazaratu dute AEK-ko kideek. “Azoka bat egiteko asmoa dago, erakusketa bat… musika ere jarri nahi dugu kalean. 16:00etan izango da hasiera ekitaldia, eta ordu erdi beranduago aterako da Korrika”.
Korrika kulturala
Amurrioko Korrika Kulturalaren nondik norakoak ere azaldu zituzten. Jarduera hauek egingo dituzte herrian motorrak berotzeko:
- Pirritx, Porrotx eta Marimotsen emanaldia eta solasaldia.
- Gurasolagunen irteerak.
- Arabako euskarazko futbol topaketa bigarren edizioa.
- Petoekin poltsak egiteko tailerra (Kasilda Marañonekin).
- Elkar ezagutu genuen eguna antzezlana.
- Uhinak dokumentalaren proiekzioa.
- “Korrika kamiseta bidaiaria” hitzaldia (Koldo Urkixo)
- “Txiribuelta” hitzaldia (Asier Arroita)
- Bizikleta ginkana.
Korrika txikia
Korrika txikia ere egingo dute Amurrion. “Zalantza genuen antolatu edo ez”, aitortu zuten ekitaldian, “ez dakigu zer egoeratan egongo garen martxoan. Seguraski ezingo da ohiko formatuan egin. Eredu berri bat pentsatzen gabiltza”.
AEK-ko kideek gogorarazi zuten Korrikaren helburuetako bat dirua lortzea dela. “Ez da polita horrela esatea, baina horrela da. Dirua behar dugu euskaltegien mantenurako”. Gauzak hala, ekarpen ekonomikoak egiteko bideak gogoratu zituzten: korrika laguna izatea, laguntzaile pina eskuratzea edota plazaratu dute materiala erostea.
Ibilbidearen nondik norakoak
Korrikako lehen kilometroak ere izan zituzten hizpide. Askoz zati laburragoak egin behar izan dituzte, parte hartu nahi izan guztiei tartea egiteko. “Ia denak daude erreserbatuta, jendearen erantzuna oso handia izaten ari da. Ikusi behar dugu nola kudeatzen dugun”. Horrez gain, aparteko arazo bat jarri zuten mahai gainean: Korrika trenbidearen beste aldera igarotzea ezinezkoa dela, furgoneta ez delako zubien azpitik sartzen. Hala ere, nahi duten guztiei leku bat gordetzen saiatuko dira.
Horri lotuta, gogorarazi zuten ez dela beharrezkoa diru kopuru finkoa eskuratzea kilometro batean parte hartzeko. “Instituzio handiek ekarpen handiak egiten dituzte. Eragile txikiek, aldiz, ahal dutena ematen dute”.
Bukatzeko, AEK-ko kideek eskerrak eman zizkieten Korrika antolatzen lagundu duten persona guztiei. Hala ere, batez ere, euskaltegitik igaro diren persona guztiei egin zieten aipamena: “Gu orain hemen bagaude zuek noizbait hor egon zinetelako da”.
Auzolanerako deia
Auzolanerako deia ere luzatu zuten antzokian. “Hasiera egunean lagundu nahi izanez gero, bidali mezu bat amurrio@åek.eus helbidera edo euskaltegitik pasatu”.
Irakasleei aitortza
Aurkezpena amaitzeko, Amurrioko AEK-ko irakasleei aitortza. Euskaltegiko gaur egungo langileak eta zentroko 40 urteetan zehar alea jarri dutenak igo ziren oholtzara, euren izen-abizenak esaten zituzten bitartean. Txalo zaparradarekin eta talde argazkiarekin amaitu zuten ekitaldia.
Hemen ikusi daiteke ekitaldia osorik: