Bi urteko etenaren ostean, apirilaren 29an eman zieten hasiera Amurrioko San Jose auzoko jaiei. Bizilagunen artean piztu zuten lehen suziria eta arratsaldeko ekintzek familia ugari elkartu zituen frontoian.
Amurrioko Gazte Asanbladak musika eskaintza oparoa antolatu zuen. Ostiralean Zutik, Erasoz Erantzun eta Beranduegi erromeria igo ziren gaztetxeko oholtzara.
Larunbatean herri bazkaria eta dantza ikuskizuna izan ziren osagai nagusiak, eta ehunka lagun elkartu ziren auzoan. Frontoian zein Gaztetxean jai-giroa ordu txikiak arte luzatu zen. Frontoian 1980ko hamarkadako bertsioak jotzen dituen Lowe taldea aritu zen oholtza gainean, eta Jaikide DJ musika jartzaileak hartu zion lekukoa bandari.
Gaztetxean Cuatro Bancos taldeak eskaini zuen kontzertua, Matx eta El Pollirekin batera. Ondoren, eskualdeko raperoak igo ziren oholtzara. Aiaraldeko Soinu Sistemak goizaldera arte luzatu zuen festa giroa.
Igandean agurtu zituzten jaiak, ohiko San Jose Txirrindulari Sari Nagusiarekin. Kadete mailako lasterketa bizia izan zen eta Oier Colmenero eta Harri Paskier aiararren garaipenak borobildu zuen.