Esti Urresolak erakutsi du posible dela profeta izatea norberaren herrian eta hiru egunetan 825 lagun batu ditu Amurrio Antzokian. Izan ere, zinema aretoetan apirilaren 21ean estreinatu ostean, asteburu honetan heldu zen 20.000 especies de abejas pelikula Amurriora.
Amurrioko Udalak jakinarazi duenez, larunbatean 149 ikuslek ordaindu zuten sarrera, igandean 335 izan ziren eta atzo 341.
Atzoko saioan Urresolak berak hartu zuen hitza gainezka zegoen aretoan eta solasaldia eskaini zuen emankizuna baino lehen eta ostean.
Mugarri txikia bada ere, Laudioko zuzendariak emaitza arrakastatsuak eskuratzen jarraitzen du. Izan ere, Berlinalen, Malagako zinemaldian eta Hong Kongeko Nazioarteko Jaialdian sariak eskuratu eta gero, bere lehen asteburuan 48.000 herritar eraman zituen aretoetara eta bigarrenean proiekzio puntu gehiagora heldu zen.