Esti Urresola zinemagile laudioarraren ibilbide arrakastatsuak aurrera egiten jarraitzen du. Izan ere, azken hilabeteetan jasotako sariei gehitu behar zaio publikoak eman dion babesa.
Berez, pasa den astean heldu zen proiekzio aretoetara 20.000 especies de abejas pelikula luzea eta 48.000 ikusle erakarri zituen zinemetara. Jende askok ez zuen lortu sarrera eta kanpoan geratu behar izan zen. Horrek behartu ditu zinemak saio berriak antolatzera eta asteburu honetan 42 areto gehiagotan ematen ari dira. Hau da, 137 tokitan guztira.
Lorpen honekin Urresolak, beste mugarri bat jarri du 2023an, Berlinalen, Malagan eta Hong Kongeko jaialdian eskuratu baititu sariak filman egindako lanagatik. Horrez gain, ICOFF Gasteizko film laburren nazioarteko jaialdian irabazi du Cuerdas pelikula laburrari esker.