Galder Barbado amurrioarra eta Aitor Zelaia gasteiztarra atxilotu ditu gaur arratsaldean Ertzaintzak eta jarraian Zaballako espetxean kartzelaratu dituzte, ANkerkeria Stop! plataformak jakinarazi duenez.
Gazte independentistak Arabako hiriburuan dagoen Espainiako Gobernu Militarreko eraikinean agertu dira 17:00ak aldera.
Aipatu beharra dago bien kontrako espetxeratze agindua indarrean zegoela eta boluntarioki kartzelan sartzeko epemuga amaitu zela aste honetan.
Hori guztia salatzeko manifestazioa deitu zuen ANkerkeria Stop! plataformak 18:30ean gaurko eta mobilizazioan parte hartu behar zuen jende ugari ere bertaratu da Espainiako Gobernuko eraikinaren parean, gazteei babesa emateko.
Galder eta Aitor atxilotu dituzte#EuskalHerriakAurrera pic.twitter.com/mk9oFPwaqK
— ANkerkeriariStop (@ANkerkeriaSTOP) September 30, 2023
Lau urteko espetxe zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak biei, "material lehergarriak helburu terroristekin gordetzea" egotzita. Helegitea jarri zuten orduan, eta maiatzean iritsi zen kondenen berrespena Espainiako Auzitegi Gorenaren eskutik.
Ikasturte hasierarekin batera iritsi da espetxeratze agindua, eta hori salatzeko mobilizazio ziklo berria egon da azken asteetan. Dozenaka manifestazio, elkarretaratze eta ekimen egin dira Euskal Herri osoan. Aiaraldean Amurrio, Laudio, Orozko zein Urduñan egin dira mobilizazioak, eta gaur ikasleen elkarretaratzea egon da Amurrion.
2019an atxilotua eta espetxeratuak
Galder Barbado Bonilla eta Aitor Zelaieta 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Ertzaintzak, lehergailuen gordailu batekin lotutako operazioan.
Bi gazte arabarrek sei hilabete igaro zuten behin-behineko espetxealdian; Madrilgo Soto del Realen aurrena, eta Zaragozako Daroca espetxean gerora, Amurriotik 367 kilometrotara. 2019ko abuztuan baldintzapean aske geratu ziren Entzutegi Nazionalean egitekoa zen epaiketaren zain.
Epaiketa Madrilen
COVID-19aren pandemiak atzeratu egin zuen bi gazteen aurkako epaiketa, eta ez zen 2021eko urtarrilera arte burutu. Bien bitartean, Barbado eta Zelaiaren egunerokoa baldintzatuta egon da: astero epaitegian aurkeztu beharra, Espainiako Estatutik ateratzeko debekua eta jarraipen polizial zorrotza ezarri zaizkie.
2021eko urtarrilaren 21 eta 22an egin zen epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Jose Perals fiskalak (Altsasuko gazteen kasuko berdinak) 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat, material lehergarria helburu terroristekin gordetzea egotzita. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune kasua eraman zuen epaile berdina.
Helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean
Defentsak eta akusazioak helegite bana aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Defentsak bi gazteen absoluzioa eskatu zuen, epaiketak iraun bitartean akusazioak Dura herrian aurkitutako bidoia bi gazteekin erlazionatzerik izan ez zuela ulertuta. Akusazioak, bere aldetik, 8 urteko espetxe zigorra ezartzearen alde egin zuen.