Ez da medikurik egongo asteburuan Amurrioko Etengabeko Arreta Gunean

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 7a, 13:11

Maiatzean Amurrioko anbulatorioaren aurrean egindako protestaren irudia. / Aiaraldea.eus

Horrela salatu du ELA sindikatuak, zeinak iragarri duen erizainak baino ez direla egongo Amurrioko anbulatorioan asteburuan.

ELA sindikatuak jakinarazi du asteburuan ez dela medikurik egongo Amurrioko anbulatorioan. Gauzak horrela, erizainek hartu beharko dute euren gain jendea artatzeko ardura Etengabeko Arreta Gunean.

Langile erakundeak salatu du Amurrion ez ezik, egoera bera gertatuko dela Basaurin, Zornotzan, Bermeon, Ondarroan eta Lekeition.

Aste honetan antzeko gabezia jazo da Laudion, non asteazkenean ez zen arreta medikurik egon larrialdietan.

Horri gehitu behar zaio Aiaraldean, EAEko hainbat lekutan bezala, udan ordutegi eta zerbitzu murrizketak iragarri dituela Osakidetzak.

Egoera ez da inondik inora berria, David Hernandez Etengabeko Arreta Gunean hil zenetik hainbat salaketa egin baitituzte aldarrikatzeko une oro egon behar dela medikua larrialdi zerbitzuetan.

Datorren asterako, SOS Aiaraldea plataformak mahaingurua antolatu du osasungintza publikoko arazoak azaltzeko. Ekainaren 14an izango da, ostirala, 18:30ean Laudioko Batzalarrin kalean. Eskualdeko zenbait medikuk, erizainek eta herritarrek hartuko dute hitza bertan, Aiaraldeko osasun zentroen egoerari buruz hausnartzeko:

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide