Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!

Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Erredakzioa 2025ko ots. 7a, 10:30

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman. 

Amurrioko Udaleko plenora bertaratu ziren iragan urtarrilaren 30ean Aiaraldea Komunikabideko hainbat bazkide eta langile, tokiko erakundeak eskualdeko euskara hutsezko komunikabide bakarrari dirulaguntza berriro kendu diola salatzeko, “bigarren urtez jarraian”. 

Andere Larrinaga bazkideak hartu zuen hitza erregu eta galderen txandan. Dirulaguntza berrezartzea eskatu zien amurrioarrak Txerra Molinuevo alkateari eta udal gobernuko gainontzeko kideei, eta salatu zuen ez dela “politikoki zilegia” Amurrioko Udalak komunikabideko kideekin bildu nahi ez izatea. “Badakigu saiakera anitz existitu direla eta Amurrioko Udalaren baldintzetara egokitzeko prestasuna ere bazegoela komunikabidearen partetik. Udalak, aldiz, behin baino gehiagotan egin dio uko biltzeari”, azaldu zuen Larrinagak plenoan, “horrez gain, Udalak ez dio erantzun ere egin 1.700 eragile eta norbanako baino gehiagok (Amurrioko 500ek tartean) iragan ekainaren 21ean eginiko eskaerari”. 

Alkatea isilik geratu zen Aiaraldea Komunikabideko bazkide eta langileek plazaratutako aldarrien aurrean, eta segituen pasa zien hitza beste herritar talde batzuei. 

Gauzak hala, “dialogo eta akordiorako bideak berrirekitzea” eskatu zion Komunikabideko bazkideak Amurrioko Udalari, “ez baitauka ez hanka ez buru Amurrioko Udalak, euskaltzalea izanik, euskarazko komunikabide bati eta, are gehiago, eskualdean dagoen bakarrari, dirulaguntzarik ez ematea”.

Aiaraldea Komunikabideko langile batek (Txabi Alvarado) hartu zuen hitza jarraian. Udalaren “argudio izarra” izan zuen hizpide; alegia, Aiaraldea Komunikabidea “enpresa pribatua” dela. “Analisi nahiko mardul batekin erantzun genion kontu horri”, azaldu zuen Alvaradok, eta fisikoki entregatu zien artikulu hori udal gobernuko kideei.

Horrez gain, nabarmendu zuen argudio horiek “zaharkituak” geratu zirela 1.700 eragile eta norbanako baino gehiagok emandako atxikimenduen ondotik. “Aiaraldea Komunikabideari bilera bat ere ez ematea planteatzen duzuen bakoitzean, jende honi guztiari ari zarete bizkarra ematen”, nabarmendu zuen. 

Horren aurrean, “eskua luzatuta” jarraitzen dutela nabarmendu zuen komunikabideko kideak. “Azaroan, gatazka guzti hau konpontzeko proposamen zehatz bat helarazi genizuen, eta horri ere ez diozue erantzun. Hau izan da jaso dugun erantzun bakarra: aurtengo aurrekontuetan ere dirulaguntza ezabatzea”. 

Gauzak hala, fase berri batera igaroko direla iragarri zuen kazetariak. “Herritar talde zabal batek sortu zuen proiektua da Aiaraldea Komunikabidea, Amurrion aurkeztu zena, hain zuzen ere, duela ia 15 urte. Eta hemen jarraituko dugu, zeuk nahi edo nahi ez”. 

Elkartasun ekimen bat prestatuko du komunikabideak Amurrion udaberrirako, komunikabidearen aldeko babes eta atxikimendua handitzeko herritarren artean eta proiektuak aurten 15 urte beteko dituela probestuta.  

Alkatearen erantzunik ez

Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzun edo iruzkinik egin hitzartzeen ostean, eta segituan pasatu zuen zien hitz egiteko txanda plenora bertaratu ziren beste herritar batzuei (OHZren igoeraren aurkako mugimenduko kideei, alegia). 

Elkartasun ekimena udaberrian

Udalbatzaren ostean, bideoa grabatu zuten Komunikabideko langile eta bazkideek, pleno aretoan. Bertan iragarri zuten elkartasun ekimen bat prestatuko dutela Amurrion udaberrirako, komunikabidearen aldeko babes eta atxikimendua handitzeko herritarren artean eta proiektuak aurten 15 urte beteko dituela probestuta.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide