Helikopteroz eraman behar izan zuten atzo Amurrion istripua izan zuen langilea

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 23a

Mendian izan zen atzoko istripua. / Ertzaintza

Ertzaintzaren erreskate unitateak, suhiltzaileek, zerbitzu medikuek eta Babes Zibilak parte hartu behar izan zuten esku hartzean, mendian gertatu baitzen ezbeharra.

Atzo 16:20ak aldera 112 larrialdi telefonoak deia jaso zuen, Amurrion gertatutako lan istripuaren ondorioz. Ertzaintzak azaldu duenez, basoan lanean ari ziren bi behargin eta horietako bat eroritako zuhaitz baten azpian geratu zen harrapatuta.

Larrialdi zerbitzu ugari mobilizatu zituzten ezbeharrari aurre egiteko, gaua heltzear baitzegoen. Poliziaren erreskate unitateak, suhiltzaileek, Osakidetzako mediku batek eta Babes Zibilak hartu zuten bere gain artatzea.

Lehenik eta behin, zauritua egonkortu zuten eta gero helikopteroan sartu zuten, Gurutzetako ospitalera eramateko. Ertzaintzaren helikopteroak, berez, ez zuen lurra hartu eta zorutik metro batera egon zen operazioak iraun bitartean. Poliziak ez daki langilearen osasun egoera zein den.

Istripu ugari urtearen azken hilabeteetan

Tamalez, ez da atzokoa izan urte amaierako azken hilabeteetan gertatutako istripu bakarra. Larriena Tubos Reunidos enpresan jazo zen maiatzan, behargin bat hil baitzen erorketa batek eragindako zauriengatik. Antzeko gertakaria, baina ez hilgarria, egon da berriki Kiderren.

Azaroan ere Castinoxen langile baten eskua harrapatu zuen makina batek eta urrian deskarga elektrikoa jaso zuen beste behargin batek Orozkon. 

2020an langile bat hil zen Aiarako mendietan

Atzokoa ez da izan Aiarako mendietan gertatutako lan istripu larri bakarra azken urteotan. Izan ere, 2020an behargin bat zendu zen antzeko ezbeharraren ondorioz.

Izan ere, pinu bat erori zitzaion gainean langileari. Gogoratu beharra dago egun horietan itxialdia indarrean zegoela pandemiagatik, baina etxetik kanpo zenbait lan egiteko aukera ireki zuela Gobernuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide