Tubos Reunidos

Tubos Reunidoseko greba mugagabea eten dute, momentuz

Erredakzioa 2026ko maiatzaren 15a

Agerraldi publikoa egin dute erabakiaren berri emateko. / Aiaraldea.eus

Horrela proposatu die greba deitu zuen gehiengo sindikalak langile guztiei 09:00etan abiatutako batzarrean. ELAk, LABek eta ESK-k erakunde publikoetan eta administrari konkurtsalean zentratuko dituzte ahaleginak hemendik aurrera, enplegua erregulatzeko espedientea bertan behera gera dadin eta gardentasuna exijitzeko.

Tubos Reunidoseko greba mugagabea eten dute, hartzekodunen konkurtsoak sortu duen egoera berriagatik. Horrela proposatu die lanuztea deitu zuen gehiengo sindikalak berak beharginei gaur 9:00etan egin duten batzarrean. Ondorioz, astelehenean 6:00etan jarduera itzuliko da Amurrioko lantegira.

Bileraren ostean agerraldia prestatu dute eta ELA eta LABeko kideek hartu dute hitza. Gehiengo sindikalak aldarrikatu du greba baliogarria izan dela, enplegua erregulatzeko espedientea proposatzen zuena ez baitago onartua (altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporaketa). Euren ustez, horri argi berdea eman izan baliote, antzeko egoeran egongo lirateke (hartzekodunen konkurtsoan), baina lantegian lanpostu ugari galduta. 

Gauzak horrela, agertoki berriak neurri berriak eskatzen dituenez, lanuztea etengo dute. "Une bakoitzerako borroka tresna egokiak behar dira", argitu dute. Orain ere, etenda dagoen enplegu espedientea betiko atzera botatzea da helburua eurentzat.

Grebaren balioa

Izan ere, sindikatuek azaldu dute bitartekari berria dagoela gatazkan eta hori administrari konkurtsala izango dela. Halaber, erakunde publikoen gaineko presioa biderkatzeko ahalegina ere egingo dute. Eusko Jaurlaritzatik eta Arabako Foru Aldunditik hasita, gardentasuna exijituko dute eta mobilizazioak eta bilerak antolatuko dituzte.

Planteamendu berrian mugarri garrantzitsua maiatzaren 26an epaitegian izango duten bilera izango da, non administrari konkurtsalak, zuzendaritzak eta langileak batuko diren. Egun horretan 24 orduko lanuztea egingo dute, langile orok parte har dezan Gasteizen deituko dute elkarretaratzean.

"Zuzendaritzak sortu du arazoa, ez grebak"

ELAk eta LABek azpimarratu dute argi geratu dela Tubos Reunidoseko kudeaketa dela egungo egoeraren arduraduna eta iturbura eta euren plana (enplegu espedientea, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea) ez dela konponbidea eta ez dela ezta bideragarria izan.

Horrek, sindikatuen aburuz, ataka askoz larriagoan utzi du enpresa, "zuzendaritzaren jarduerak egiturazko arazo larriak" sortu ditu eta. Hain zuzen, enpresako jabeen eta kudeatzaileen ardura azpimarratu dute ELA eta LABeko bozeramaileek: "Dokumentazioan bertan enpresak ez du aipatu greba kaudimen gabeziaren arazo gisa".

Sindikatuen arteko desadostasunak grebari dagokionez

Hartzekodunen konkurtsoak sortutako iritzi aldaketa baino lehen, duela astebete, zuzendaritzatik gertu dauden zenbait beharginek deituta eta UGT eta CCOO sindikatuek babestuta, galdeketa egin zuten lantegian bertan grebari buruz. 

Tubos Reunidoseko 232 langilek, gehienek bulegokoek, lanuztea bertan behera uztearen alde egin zuten. Hau da, beharginen laurden bat inguruk parte hartu zuen eta asteartetik aurrera enpresak berak autobusak jarri zituen langile batzuk beharrera joateko.

Galdeketa ez da greba bertan behera uztearen arrazoia, ELA eta LABen aburuz

Greba deitu eta bertan behera utzi duten erakundeek, ordea, azpimarratu dute erabakia ez dutela hartu pasa den asteko galdeketaren ondorioz. Gehiengo sindikalak enpresaren kontakizuna indartzeko eta langileak zatitzeko estrategiatzat jo du eta salatu du galdeketaren antolatzaileak ez direla langileen ordezkari zilegiak eta jarraitutako prozedura ez dela gardena izan.

Gaurko egunari dagokionez, aintzat hartu behar da iragan maiatzaren 7ko batzarrean parte hartu zuten zenbait kidek, "bozkatu nahi dugu" leloa zuten afixak erakutsiz, traba egin diotela gehiengo sindikalaren agerraldiari. Eztabaida eta tentsio une gutxi batzuk izan dira bileraren bukaeran, baina garrantzi gutxikoak.

Zorra eta Espainiako Gobernua

Grebaren nondik norakoak hedabideen jopuntuan egon badira ere, lanuztea etenda, lehen lerroan geratuko dena izango da zuzendaritzaren kudeaketak sortutako 250 milioi euro baino gehiagoko zorra.

Zati handi bat Espainiako Gobernuari zor dio eta Carlos Cuerpo Ekonomia Ministroak aurreratu zuen konkurtsoak aurrera egin ahala erabakiko dutela zer egin enpresako lanpostuen bideragarritasuna bermatzeko.

Mobilizazioak

Greba mugagabea bertan behera uzteagatik ez diote mobilizatzeari utziko Tubos Reunidoseko langileek. Hain zuzen ere "lanpostuen defentsan borrokan jarraitzeko" asmo argia adierazi dute gaur.

Bi dira epe laburrean dituzten hitzorduak: maiatzaren 26an Gasteizen mobilizatuko dira eta maiatzaren 28an, aldiz, Aiaraldeko Industria Garapenerako Mahaiaren testuinguruan ere protesta egingo dutela aurreratu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide