Duela hamar urte egindako herri galdeketa gogoratzeko ospakizuna egingo dute igandean Arrankudiaga-Zollon

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 29a, 17:44

Ados plataformak deitu zuen galdeketa duela hamar urte. / Aiaraldea.eus

"Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?" galdetu zuen Ados plataformak duela hamar urte Arrankudiaga-Zollon eta biztanle gehienek baiezkoa erantzun zuten. Igandean ospatu eta aldarrikatuko dute efemeridea.

Arrankudiagako plaza hartuko dute igandean gogoratzeko 2014ko azaroaren 2an herriak hitz egin zuela independentziaren alde. Horretarako jardunaldi xumea antolatu dute, hurrengo ekintzekin:

  • 11:30etik aurrera, sortzaileen azoka egingo dute. Herriko eta inguruko sortzaileek parte hartuko dute. Euren lanak erakutsiko dituzte, eta, kasu batzuetan, baita saldu ere.
  • 12:30ean ekitaldia izango da. Herriko musikariek emango diote hasiera. Gero, bertso musikatuak etorriko dira eta, ondoren, Gure Eskuko ordezkariak hitz egingo du. Musikarekin amaituko da ekitaldia eta gero mokaduaren txandak itxiko du ospakizuna.

Antolatzaileek aipatu dute efemeridea berpiztearen ideia Gure Esku plataformarena izan dela eta herrian hartu dutela lekukoa. Horretarako talde eragilea sortu eta egitaraua osatu dute, Ados plataforma 2014an bertan desegin baitzuten, helburu guztiak beteta.

"Herriko askok egun berezitzat dugu azaroaren 2 hura. Lehenago, independentzia aldarrikatu zuen lehen udala izan zen Arrankudiagakoa, 1979an. Eta 2024ko galdeketan, parte-hartzea handia izan zen eta estatu subiranoaren aldeko botoa nagusitu zen. Baina, horrez gainera, herritar asko eta asko inplikatzea lortu zen: Ados plataforman, antolatu ziren ekintzetan, galdeketaren egunean (hauteskunde-mahaian, txandetan, kaleko ekintzetan…). Egun historikoa izan zela esan daiteke", adierazi dute.

Azaroak 2, mugarri

Gogoratu beharra dago 2014ko azaroaren 2an Arrankudiaga-Zollon hautestontziak jarri zituztela jendeak argitzeko euskal estatu burujabe eta independente baten kideak izan nahi ote zuen. Erantzuna zabala izan zen, eta aldekoa gehienbat. Hain zuzen, bozkatzaileen %61,59ak parte hartu zuen eta %89,64ak eman zuen baiezko boza.

Arrankudiaga-Zollok Etxarriren ondoren deitu zuen galdeketa eta Gure Eskuk egun aldarrikatu nahi du duela hamar urte egindako lana emankorra izan dela. Berez, plataformaren aburuz, egungo eztabaida politikoa errazteko bidea ireki zuten geldeketa horiek (Etxarrin ere egin zen, esaterako, eta baita ere Orozkon 2017an edota eskualdeko gainontzeko udalerrietan 2018an) eta hori baliatzeko garaia heldu da.

Hortaz, hurrengoa ondorioztatu du Gure Eskuk: "Egun estatus politikoaren eta lurralde antolaketaren inguruan eztabaida eta prozesu politikoak irekita daude eta hauek balio behar dute benetako herri libre bat eraikitzeko, gure buruaren jabe bilakatzeko. Orain da momentua tresna horiek zehaztu eta indarrean jartzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide