“Irudia aldatu dugu orain eta ildo sozialista jarraitzen saiatuko gara”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ots. 20a, 14:30

Azarotik da Juanje Merchan Mesón Laudioko PSE-EEren idazkaria. / Aiaraldea.eus

Iragan azaroan hautatu zuten JUANJE MERCHAN MESÓN (Laudio, 1976) Txaro Sarasua ordezkatzeko Laudioko PSE-EEko idazkari lanetan. Gaur egungo eta etorkizuneko asmoen inguruan mintzatu da.

Azarotik daramazu Laudioko PSE-EEren idazkari gisa. Zer moduz?

Uste dut nabaritzen ari dela alderdi moduan izan dugun aldaketa. Parte hartzaileagoak izaten ari gara. Herriko batzorde bat osatu dugu, zeinetan afiliatu guztien iritziak kontuan hartzen diren. Bertan adosten ditugu udalean aurkezten ditugun mozioak. Bide onean goazela uste dut.

Zer dela erabaki zenuen zure burua idazkari izateko aurkeztea?

Gauzak beste modu batean egin zitezkeela uste nuelako. Aurretik egin diren gauzetako batzuk ondo egon dira eta beste batzuk ez.

Ez dut inondik inora arbuiatu nahi orain arte udalean eginiko lana. Txaro Sarasua PSE-EEko kidea zen, ni bezala. Ildoa eta zuzendaritza berdinak dira. Irudia aldatu dugu orain eta ildo sozialista jarraitzen saiatuko gara. Hori da helburua: beste proiektuetatik bereiztea, gu sozialistak garelako.

 

“Orain afiliatuekin dugun harremana oso ona da, dinamismo handia dago bileretan, orain arte ikusi gabekoa”

 

Polemikaz inguraturik hasi zenuen ibilbidea idazkaritzan. Txaro Sarasuak alderdi utzi zuen eta talde mistora pasa zen. Zer nolako balorazioa egiten duzu gertatutako guztiaren inguruan?

Uste dut igaro dela jada horren gaineko balorazioak egiteko unea, ez dut horren gaineko adierazpenik egin nahi. Iraganeko kontua dela uste dut.

Orain afiliatuekin dugun harremana oso ona da, dinamismo handia dago bileretan, orain arte ikusi gabekoa.

Baina zinegotzi bat gutxiago duzue gertatutakoaren ondorioz.

Batzen duten eta Laudiori aurrera egitea ahalbidetuko diote proiektuetara atxikituko gara eta egokitzat hartzen ditugun ekarpenak egingo ditugu, mozioen bidez. Nire ustez, hori da une honetan egin dezakeguna.

Aurkeztuko dituzuen mozioak herriko batzordean adostuak egongo direla aipatu duzu. Zer motatako proposamenak egiten ari zarete?

Udalari galdetu diogu ea zer lur publiko dauden herrian, balizko proiektuak egikaritzeari begira. Momentuz ez dugu erantzunik jaso. Azken Udal Osoko bilkuran mozio bat aurkeztu genuen lokal publikoei ematen ari zaien erabileraren berri izateko, erabilera hori egokia den ebaluatzeko helburuarekin. Informazio-eskaera horri ere ez digute erantzun oraindik.

Kulturari protagonismo gehiago eman nahiko genioke herrian, eta pentsatu dugu horretarako interesgarria izan ahalko litzatekeela kultura dinamizatzailearen figura sortzea.

Bilerak egingo ditugu kultura eragileekin, zer gabezia dauden ikusteko. Egitasmo ona sortu daitekeela uste dugu. Gainontzeko talde politikoei helaraziko diegu proposamena. Aurrera egiten badu gustatuko litzaiguke udalak ideia hori aztertzeko konpromisoa hartzea.

Kultura kontseilua osatzeko bilera deitu zuen udalak iragan otsailaren 6an.

Gu hasi ginen lantzen ideia bilera deialdi hori egin baino lehen, bi hilabete daramatzagu proposamena garatzen. Egin genuen lehen herri-batzarrean plazaratu zen. Hori da gure asmoa, ideia horren inguruan adostasun bat bilatzea.

 

“Niretzat kezkagarria da herrian horrenbeste indar politiko egotea. Zerbait gaizki egiten ari garenaren seinalea da”

 


Kulturaz haragoko beste esparru batzuk jorratuko dituzue?

Nahiko genuke Kultura Etxeari emango zaion erabileraren berri izatea, eta jakin nahiko genuke baita ere ea zein den udalak gazteriari begira duen plana.

Gogoko genuke baita ere jakitea ea gobernu-taldeak merkataritzari begirako eredu alternatiborik duen, Mercadonaren saltokiaren balizko irekieraren harira.

Hemendik urte t'erdira izango dira udal-hauteskundeak. Zu izango zara PSE-EEko hautagaia?

Oraindik goiz da jakiteko hautagaia ni izango naizen edo ez. Laster jakingo dugu, baina momentuz ezin dizut gauza gehiagorik esan.

Kezka sortzen dizue Podemos/Ahal dugu herriko mapa politikoan sartu izana?

Niretzat kezkagarria da herrian horrenbeste indar politiko egotea. Podemos alderdi nazionala da eta logikoa da hemen ere egotea. Baina talde politiko asko daude dagoeneko: PP, PSE-EE, Omnia, EH Bildu, Podemos, EAJ-PNV... ez dakit Txarok ere bere alderdi propioa sortuko ote duen...

Zerbait gaizki egiten ari garenaren seinalea da hori. Positiboa da ideia eta pluraltasun gehiago egotea, baina ez dakit zer neurrian...

Zergatik? Gobernagarritasuna zailtzen duelako?

Oso positiboa da Podemos egotea, hiru edo lau ordezkari lortzen badituzte bermatu egingo delako alderdi horrekin identifikatzen den jendeak udalean ahotsa izatea.

Baina alderdi politiko berri bat sortzea zerbait gaizki egiten ari garenaren seinalea da. Alderdi zaharrekiko nahigabe orokortu bategatik sortu da Podemos.

Hemen Omnia sortu zen, beste alderdiekin identifikatzen ez zen jendez osatutako talde independentea. Gauzak hala, ikusi beharko da ea Podemosek zer toki hartzen duen.

Uste duzue eragin dezakeela hauteskundeetan izan ditzakezuen emaitzetan?

Agian bai edo agian ez. Omnia sortzeak ez zigun eragin, aurreko hauteskundeetan lortutako emaitza berdinak izan genituelako. Nik uste dut PSE-EEren bozkatzaileak leialak izan direla orain arte, ezkerreko indar alternatiboa egonda ere. Horregatik pentsatzen dugu Podemosekin antzeko zerbait gertatuko dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide