Gutxienez 25 behargin kontratatuko ditu Laudio Autoglasek hiru hilabetez

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ots. 5a, 11:43
Laudioko lantegia, artxibo irudi batean. / Iban Pagalday

Parter Capital Group AG inbertsio talde suitzarrak Guardiani automobilen saila erosi ostean sortutako enpresa da Laudio Autoglas. Enpresa Batzordea baikor azaldu da.

Laudio Autoglas enpresak behin-behineko 25-30 langile inguru kontratatuko ditu, hiru hilabetez gutxienez, fabrikako 7. labean jarduteko. Enpresak lau langileko taldeak osatu nahi ditu, 5 txandako funtzionamendua bermatzeko.

Ohikoan labe horretan lan egiten duten behin-behineko langileei luzatuko die enpresak labean aritzeko aukera, bai eta labe horretan aritu ez arren bertan lan egiteko formazioa duten beharginei ere. Azken aukera bezala baloratu du Laudio Autoglasek behin-behineko langile berrien formakuntza.

Kontratazio berri hauek otsailaren 27tik aurrera gauzatuko dira, eta maiatzaren 27ra arte luzatuko dira gutxienez.

Balorazio positiboa

ELA sindikatuak balorazio positiboa egin du. Hala azaldu dio Aitor Merino delegatuak Aiaraldea Hedabideari: "Lanpostu berriak sortzea suposatzen duen oro albiste ona da". Baikor azaldu da Merino Laudio Autoglasen epe ertaineko etorkizunarekin, "enkarguak sartzen ari dira eta lan karga nahikoa dugu hurrengo hilabeteei begira".

Egoera positiboa den arren, Laudio Autoglaseko enpresa batzordeak kezkaz jarraitzen du eskualdeko enpleguaren etorkizuna, eta Tubacex du ikusmiran. "Enpresa batzorde bezala Tubacexeko langileek deituko dituzten mobilizazio guztietan egongo gara, gure elkartasun guztia daukate".

"Enpresa batzorde bezala Tubacexeko langileek deituko dituzten mobilizazio guztietan egongo gara, gure elkartasun guztia daukate"

Laudio Autoglas

Parter Capital Group AG inbertsio talde suitzarrak 2020ko martxoan, erosi zuen Gaurdain enpresako automobilen linea, COVID-19ak eragindako pandemia hasi berri zenean, eta Laudio Autoglas sortu zuen. Salmentaren ostean, Guardian 209 langilerekin geratu zen, duela 10 urte baino 600 gutxiago.

Laudio Autoglasek, bere aldetik, Enpresa Batzordea osatu beharra zuen, eta azaroan ospatu zituzten hauteskunde sindikalak. 181 langiletik 162k bozkatu zuten eta ELA sindikatua atera zen garaile, bozen gehiengoa lortuta.

5 milioiko inbertsioa

Parter Capital taldeak 5 milioi euroko inbertsioa iragarri zion urrian enpresa batzordeari. Inbertsio hori 3 azpiegitura berri egokitzeko bideratu da: garbigailua, laminazio lerroa eta ikuskatze sistema berria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide