Gaur -abuztuak 12- hasi beharko lirateke Amurrioko Jaiak. Baina COVID-19aren pandemiak bertan behera utzi ditu abuztuan eskualdean ospatzekoak ziren festa guztiak, bigarren urtez jarraian.
Hala ere, datozen egunak Aiaraldean igarotzera doazen bizilagunek hainbat ekintzez gozatzeko aukera izango dute, kultur egitarau oparoak prestatu baitituzte Laudio zein Amurrion.
Amurrioko egitarauak
Amurrioko Udalak programazio oparoa prestatu du datozen egunetarako. Kale antzerkiak, haurrentzako ekintzak eta kontzertuak antolatu ditu tokiko erakundeak, besteak beste. Musika eskaintza nabarmentzeko modukoa izango da: Chiki Lora, Zea Mays eta Skakeitan taldeek joko dute Mendiko Eskolan ostiral, larunbat eta igandean, hurrenez hurren.
Hemen kontsultatu daiteke egitarau osoa.
Udalak antolatutako ekintzei, Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak osatutako “Egitarau herrikoia” gehitu behar zaie. Bihar -ostirala- hasiko da ekintza sorta, txupinazoarekin, eta igandera arte luzatuko da. Hemen kontsultatu daiteke egitarau osoa.
Laudio eta Amurrioko udalek kultur ekintza ugari antolatu dituzte abuzturako. Horrez gain, Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak ekintza ugari egingo ditu ostiraletik igandera
Laudioko egitarauak
Amurrioko Udalak eginiko planteamenduaren antzekoa osatu du Laudiokoak ere: dozenaka ekintza prestatu ditu abuzturako, herriko zenbait elkarterekin elkarlanean.
Modu horretan, Laudioko Jaietako zenbait ekintza mantendu dituzte: Lankaietako Lagunak txistulari taldearen kalejira, Arloteen emanaldia edota Aurresku eta Fandango eta Arin-Arin txapelketak, besteak beste. Abuztuaren 17an Laudio Txirrindularitza Sariaren XXXI. edizioa egingo da, eta hilabeteko azken igandean erraldoi eta buruhandien erakusketa egongo da Herriko plazan, Laudioko gaiteroek alaituta.
Beste hainbat jarduera ere egongo dira datozen asteetan: Dupla edota Malen Atxaren kontzertuak, Laudioko Musika Bandaren emanaldia eta Akelarre zein Itxarkundia dantza taldeen ikuskizunak, besteak beste.
Hemen ikusi daiteke egitarau osoa.
Okondoko egitaraua
Okondon San Roman jaiak ospatu ziren astelehenean, baina hori ez da izango herrian abuztuan egongo den gauza bakarra. Hainbat kultur jarduera prestatu ditu udalak hilaren 23, 24 eta 25erako.
Hemen ikusi daitezke guztiak.
Orozko eta Artziniegan ere
Orozko eta Artziniegan ere antzeko planteamendua osatuko dute sanantolinak eta Arteko Gure Amako jaiak ordezkatzeko: ekitaldi kultural ugari egingo dituzte asteburuetan, herrietako elkarte eta eragileek prestatutako ekintzekin.
Arestian esan bezala, Aiaraldea.eus atariko Agenda atalean kontsultatu daiteke informazio guztia.