Angel Larrea eta Egoitz Bernaolak jaso dituzte Kofradiaren Ohorezko Pitxerrak

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abu. 16a, 16:00

Bi ikertzaile laudioarrek herriko memoria historikoa eta ondarea berreskuratzeko eginiko lana aitortu dute ekitaldian. 

Jaiak bertan behera geratu diren arren, Laudioko San Roke Kofradiako kideek ez diote euren urteroko zitari hutsik egin. Ekitaldia egin dute San Pedro elizan, mezaren eta Andere abesbatzaren emanaldiaren ostean. 

Jose Luis Navarro maiordomo nagusiak hartu du hitza bertan. Hitzarte orokor batekin eman dio hasiera ekitaldiari. Krisi klimatikoa, gazteek dute baliabide eza eta eskualdeko egoera sozioekonomikoa aipatu ditu, besteak beste.

Kofradian 50 urte bete dituzten kideak omendu dituzte jarraian. Diploma bana eman diete aurten langa hori gainditu duten kofradeei. Ondoren, Ohorezko Pitxerrak eman dizkiete Angel Larrea eta Egoitz Bernaolari.

Larrea izan da aitortza jasotzen lehena. Juan Ibarrola Orueta militar errepublikanoari buruz idatzitako liburuagatik eman diote pitxerra, Navarrok nabarmendu duenez. “Laudioko Memoria Kolektiboa berreskuratzeko liburuak plazaratu genituenean Guda Zibilaren eta errepublikaren garaiak ez lantzea erabaki genuen, afera delikatuak zirelako”, oroitu du Kofradiako buruak, eta aldarrikatu du badela garaia gai horri heltzeko. Horri begira egiten den lehen ikerketa seriotzat hartu du Juan Ibarrola Oruetari buruzko biografia. 

Bernaolak, aldiz, Laudioko bi artisten biografiak idazteagatik jaso du oroigarria: Joaquin Barbara y Balza margolariarena eta Julian Martinez de Villar musikariarena. “Joaquin Barbara y Balza da Laudioko margolari garrantzitsuena, baina ia erabat ezezaguna zen”, azaldu du Navarrok, “ berdina gertatzen da Julian Martinez de Villar musikariarekin, Laudioko txistulari baten semea zena”. 

Arloteen emanaldia plazan 

Elizako ekitaldia amaitu denerako hasia zegoen jada Arloteen emanaldia. Ruperto Urquijo musikariaren jarraitzaileek hainbat abestiren bertsioak eskaini dituzte dozenaka herritarren aurrean. 

Arratsaldean jarraituko du jai giroak, Aurresku eta Fandago eta Arin Arin txapelketak egingo baitira seietatik aurrera Herriko plazan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide