Ander Añibarro izango da berriz EAJren alkategaia Laudioko alkatetzarako

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 19a, 22:20

Ander Añibarro Maestre, artxibo irudi batean. / EAJ

Gaur bertan amaitu dute hautagaia berresteko abiatutako barne prozesua. 

Ander Añibarro Maestre izango da EAJren Laudioko zerrendaburua maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Alderdiaren Laudioko Udal Taldeak proposatu du Añibarroren hautagaitza, eta afiliazioak berretsi du erabakia, azken asteetan egin eta gaur amaitu den barne prozesuan. 

Egungo alkateak eskerrak eman die afiliatuei emandako babesagatik, eta azken lau urteetan udalean eginiko lana goraipatu du. Laudio “udalerri erreferente” bilakatu dela argudiatu du, tokiko erakundea “modu eraginkor eta efizientean” kudeatuta. “Kudeaketa hori nazioartean onartu du Europako Kontseiluak, Gobernantzaren Bikaintasunaren Europako Zigiluarekin”, nabarmendu du EAJk komunikabideei helarazitako oharrean. 

Indarrean dagoen legealdiko lorpenak nabarmendu ditu alderdi jeltzaleak. "Elkarrizketarako eta entzute aktiborako izaera” erakutsi dutela aipatu dute, “herritarren partaidetzarako hainbat ekimenekin” eta “auzoko zinegotziaren figurarekin koordinatutako batzarrekin”. 

Kulturaren alorrean, Antzokia eraikitzeko lanak jarri dituzte mahai gainean. “Aurreikuspenen arabera, 2025aren hasierarako amaituta egongo da”. Añibarroren aburuz, “Udalak herriarekiko duen zor historiko bati” erantzungo zaio horrela. 

Horrez gain, beste erakunde batzuekin garatutako harremanak ere azpimarratu dituzte, aurreko legealdian galdu zirela argudiatuta. “Lan horren ondorioz proiektu handiak lortu dira, hala nola Villosako zubia eraikitzea URA Uraren Euskal Agentziaren eskutik”.

Osasun zentro berriaren proiektua ere aipatu dute, eta baita Abasto plazan egin nahi den proiektua ere. Horrez gain, Herritarren Arretarako Zerbitzuan egindako berrikuntzak eta HAPOa berritzeko abiatutako prozesua ere jarri dituzte lau urte hauetako mugarri moduan. “Horiek guztiak legealdi honetan bultzatu eta gauzatu ditugun proiektu eta ekimenetako batzuk baino ez dira, baina erritmo horri eutsi behar diogu, EAJ-PNVk datozen urteetan udalerriari eman nahi diogun hiri- eta gizarte-eraldaketako prozesua amaitzeko”, azaldu du Añibarrok, “horregatik, ilusioz eta gogoz nago Laudio Arabako udalerririk garrantzitsuena izaten jarraitzeko”.

Añibarroren biografiari aipamena

Proiektuetan soilik ez, Añibarroren biografían ere jarri du begirada EAJk prentsa oharrean. “Erizaina lanbidez, Barne Medikuntzako eta Zainketa Intentsiboetako unibertsitate-adituekin, eta Baliabide eta Sistema Sanitarioen Kudeaketako bi masterrez gain, Ander Añibarro udalerriko kultur bizitzako partaide aktiboa da, Santa Luzia abesbatzako kide gisa”.

Nabarmendu dute 33 urte baino ez dituela, baina jada ibilbide luzea egin duela, "hala nola Aiarako Kuadrillan, non lehendakari kargua bete zuen, edo Eusko Jaurlaritzan, non Gazteriako zuzendari kargua bete zuen". 

Beste hautagaiak

Orain arte, Omniak soilik aurkeztu du bere alkategaia Laudion. Alderdiak iragan azaroan jakinarazi zuen Alvaro Barrios izango dela bere zerrendaburua. EH Bildu eta PSE-EEk, aldiz, ez dituzte oraindik euren hatagaiak adietzera eman, eta ikusteke dago Podemos ere aurkeztuko duen, duela lau urte egin bezala. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide