Laudioko PSE-EEren taldeak asanblada egin zuen atzo, eta bertan ebatzi zuten Loli Muriel izatea sozialisten alkategaia maiatzaren 28an egingo diren udal hauteskundeetan.
Hautagai izendatu berriak eskerrak eman dizkie bere alderdikideei beragan jarritako konfiantzagatik, eta ziurtatu du sozialistekin Laudiok “aurrera egiten” jarraituko duela, “modu bizian lan egiten jarraituko dugu gure bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko balio duten erronkak lortzeko”.
PSE-EEk Arabako instituzioetan eta Aiaraldean egiten duen lana goraipatu du Murielek. Bere hitzetan, “instituzioen arteko elkarlana” sustatu dute sozialistek, eta Laudiorentzako hainbat proiektu garatzea ahalbidetu du horrek: Lamuza Parkeko eraikinen berritzea, enplegu anezkak, merkatarientzako laguntzak eta tokiko merkataritza sustatzeko ekintzak, errepideen hobekuntzak eta eskualdeko turismoa berpizteko inbertsioak, besteak beste.
Laudioko Udalari dagokionez, “herritar guztientzat” lan egin dutela nabarmendu du Murielek. Berdintasuna ere “funtsezko mugarria” izan da talde sozialistarentzat, eta Lezeaga Aretoaren irekiera, Laia Laudio Eskola abian jartzea eta Berdintasun Kontseiluaren eraketa jarri dituzte horren adibide moduan.
Haur eta gazteei begira ere lan egin du PSE-EEk, zinegotziak nabarmendu duenez. Osasunari lotutako ekimenak garatu dituzte Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan. Zuzen programa ere abaitu dute, familiei eta 12 urtetik gorako nerabeei aholkularitza emateko. Horrez gain, kale hezitzaileek, berdintasun tailerrek eta adikzioen prebentziorako saioek betetako funtzioa ere goraipatu dute sozialistek.
Pertsona nagusiei dagokionez, hiru ekimen nabarmendu ditu alderdi sozialistak: nagusien arretarako zerbitzua, Jubilatuen klubaren handitzea eta kolektibo zaurgarrientzako laguntzen ugaritzea.
PSE-EEk zehaztu duenez, Murielek erizain laguntzaile moduan egiten du lan Osakidetzan. 2015tik darama Udalean zinegotzi moduan eta legealdi honetan udal gobernu taldean aritu da bigarren alkateorde moduan eta Garapen Sozialeko zinegotzi lanetan.
Hautagai guztiak mahai gainean?
Murielekin, ia erabat argitu da zein izango den Laudioko Udal Hauteskundeetako panorama. EAJk Ander Añibarro aurkeztu du alkategai moduan, EH Bilduk Ainize Gastaka eta Omniak Alvaro Barrios. Hala ere, ikusteke dago oraindik Podemos-Ahal Duguk edo beste talderen batek hautagaitzarik aurkeztuko duen.