ELA sindikatuak gehiengo osoa eskuratu du berriro Guardian enpresan

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 14a, 12:52

Guardianeko langileen mobilizazioa./ Aiaraldea

Enpresa batzordeko bederatzi ordezkaritik zazpi eskuratu ditu ELA antolakundeak Guardian enpresan. Beste biak LAB sindikatuak lortu ditu. Hauteskundeak une arantzatsuan heldu dira, Glavista-Autoglas enpresako lan gatazkaren erdian, 2020ra arte Guardian konpainiakoa zena.

ELAk berriro ere berretsi du bere nagusitasuna Guardian enpresan. Izan ere, bederatzi ordezkaritik zazpi sindikatu horrenak izango dira.

Lantegiko 143 beharginen artean, ELAk 86 boza izan ditu eta LABek, aldiz, 37. Horri esker, bost ordezkari irabazi ditu eta LABek, ordea, bi.

Horrez gain, bulegoko langileen artean beste bi batzordekide kokatu ditu, 43 pertsonen artean 32 boto jasota.

Aldaketa nabarmena aurreko hauteskundeekin alderatuta

Emaitzen aldetik ELAk bere nagusitasunari eutsi badio ere, Guardian enpresak eraldaketa izugarria izan du 2019tik, eta ez soilik ESK eta UGT desagertu direlako langile batzordetik (2019an ESKk ordezkari bat izan zuen eta 2015ean UGTk ere bazuen).

Guardian enpresa 800 langile izatetik 200 inguru izatera igaro da azken 10 urteetan

Urte horretan konpainiako ia 400 langilek parte hartu zuten bozketan, eta ez ziren guztiak izan. Aldiz, gaur egun langile kopurua ozta-ozta heltzen da 200 kideetara. Horrek ekarri du enpresa batzordeko kideak murriztea; hamahirutik bederatzira.

Bidean Autoglas -hau da, autoen haizetakoak ekoizten duen atala- saldu zioten Parter Capital funts suitzarrari eta Guardianek ardura sortzeko moduko bilakaera islatu zuen. Hain zuzen, enpresa Laudion 800 langile izatetik, 209 baino ez izatera igaro da.

Glavista-Autoglas eta Guardian

Gauzak horrela, duela hiru urte baino gutxiago Guardian enpresako langile ziren 230 lagun inguru kale gorrian geratzeko arriskuan daude eta, gainera, Guardianek badauka zerikusia egoeran; izan ere, Galvista-Autoglasen hartzekodun nagusiena da eta 17-18 milioi euroko zorretik, erdia berari zor diote.

Guardian enpresa da Glavista-Autoglaseko hartzekodunen nagusia, hortaz, ezin da baztertu lan gatazkak Guardianen ere eragina izatea

Ondorioz, ezin da baztertu modu batean edo bestean Glavistako lan gatazkak eragina izatea Guardianen. Hain zuzen, ez da ahaztu behar Guardianeko langileek bi hilabeteko greba luzea egin zutela 2012an kaleratze ugari gelditzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide