Eusko Legebiltzarrera jo dute gaur SOS Aretako Eskolako kideek. 7:30ean abiatu dira Aretatik, doako autobusa jarrita; eta 9:00etatik aurrera egin dute elkarretaratzea EAEko parlamentuaren atarian. Galarraga Guraso Elkarteko kideek hartu dute hitza. "Duela astebete eskas Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2 urteko gelaren itxieraren berri eman zion Fabian Legorburu ikastetxeko zuzendaritzari", oroitu dute, eta orduz geroztik familiek eta eskola komunitateak eginiko bidea izan dute hizpide.
"Harriduraz jaso genuen berria gertaeren azkartasunagatik, ikastetxe edo familiei baieztapen ofizialik ez emateagatik eta epe luzerako irtenbidea ez delako"
Martxoaren 24an -aurreko ostiralean- mobilizazio jendetsua egin zuten Aretatik Laudiora itxiera salatzeko, eta astelehenean elkarretaratzea zein mozioa eraman zituzten aurrera Udal Osoko Bilkuran. Hain zuzen, Ander Añibarro alkateak astelehen iluntzean jakinarazi zuen Aretako 2 urteko gela aurten ez ixtea lortu zuela, sare sozialetako bideo bidez.
SOS Aretako Eskolako kideek "harriduraz" jaso zuten berria, aitortu dutenez: "Lehenik, gertaeren azkartasunagatik. Bigarrenik, ikastetxeari edo inplikatutako familiei baieztapen ofizialik ez emateagatik eta, hirugarrenik, epe luzerako irtenbidea ez delako". Hori dela eta, mozioaren ildoari eutsiko diote, "Aretako Eskola publikoaren proiektuari bideragarritasuna emango dion lana nahi dugu, hurrengo urteetan etorkizuneko familiek arazo bera izango ez dutela bermatzeko".
Aretako Eskola publikoak 2029-2030 ikasturtera arte gutxienez 2-3-4 eta 5 urteko gelak izango dituela eta ikastetxe horretan hezkuntza zerbitzu publikoak jarraituko duela bermatzea nahi dute
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuaren eta Eusko Legebiltzarreko alderdi politiko guztien babesa eskatu dute, horrela, "hezkuntza eredu publikoaren aldeko politiketan inplikatzeko, ratioetatik edo baremoetatik harago".
Guzti horregatik, Hezkuntza Kontseilariaren eta Legebiltzarreko alderdi guztietako ordezkarien konpromiso publikoa eskatu dute, "Aretako Eskola publikoak 2029-2030 ikasturtera arte gutxienez 2-3-4 eta 5 urteko gelak izango dituela ziurtatu eta ikastetxe horretan hezkuntza zerbitzu publikoaren jarraipena bermatzeko".
Argazkiak: SOS Aretako Eskola