“Autoglas-Glavistako langileak muturreko egoeran gaude, desagertzeko zorian”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko uzt. 7a, 17:32

Lantegiaren aurrean egingo dute elkarretaratze eta prentsaurrekoa astelehenean. / Aiaraldea.eus

Astelehenean egingo duten elkarretaratze eta prentsaurrekora bertaratzeko gonbita luzatu die Enpresa Batzordeak eskualdeko herritar guztiei. 

Aste hasieran jakin zen Autoglas-Glavistako egoerak 180 graduko bira eman zuela, konpontzeko zorian egotetik urte hasieran baino egoera larriagoan egotera igaroz. 

Bileraz bilera igaro du azken astea Enpresa Batzordeak, eta elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu ditu datorren astelehenerako. Laudioko lantegiaren aurrean bilduko dira 11:00etatik 12:30etara, eta eskualdeko herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita. 

Bertan azalduko dituzte azken bi asteetan gertatutakoaren nondik norakoak. Hala ere, ELAko sail sindikalak egungo egoeraren hainbat gako plazaratu ditu dagoeneko sare sozialen bidez. Langileen ordezkarien aburuz, Laudioko lantegiko 240 beharginak “muturreko egoeran” daude, fabrika “desagertzeko zorian” dagoelako. “85 urte baino gehiago dituen enpresa hau egun batetik bestera itxi daitekeela ikusten dugu. Drama handiko hilabeteak izan dira, eta inork ez daki guk baino hobeto zer jasaten ari garen”, salatu dute.

“Gorabehera emozional” handiko hilabeteak izan dira azkenekoak Autoglas-Glavistako langileentzat. Azaldu dutenez, azken salerosketa akordioaren ostean, fabrika uztailaren 3an irekiko zen berriz, baina ez zen hala izan, “negoziazioko bi aldeen arteko desadostasunengatik”. 

Guardianen lursail batzuetan dago arazoaren muina, multinazionala uko egin baitio horiek saltzeari Autoglas-Glavistako balizko erosleari.

Zehaztu dutenez, Guardian Glass Europeren lursail batzuetan dago arazoaren muina. Multinazionalak uko egin dio orube horiek saltzeari, eta Autoglas-Glavistaren balizko erosleak dio lur horien beharra duela enpresan egin nahi duen proiekturako. Kontuan hartu behar da Autoglas-Glavistaren azpiegiturak Guardianen lursail batzuetan daudela, enpresa hori Guardinen parte izan baitzen 2020. urtera arte. 

Horregatik, langileek uste dute Guardian dela egungo egoeraren erantzule nagusia: “Duela 3 urte, Guardianek Parter Capital funts-putreari saldu zigun, automobil-negozioaz eta hura osatzen zuten langile guztiez libratzeko asmoz, eta orain Guardian berriro sartu da eszenan, lursail jakin batzuk saltzeari uko eginda”. 

Horregatik, alde guztien akordio batera heltzea da premiazkoena, ELAko sail sindikalaren aburuz, egoera “muturrekoa eta jasanezina” delako. Nabarmendu dutenez, enpresak jarraitzen du lan-karga izaten eta, beraz, enpresa-jarduerari berriz ekin behar dio, “etorkizuna izateko”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide