Kultur sorkuntza Aiaraldean

Susana Corbella Eguiluzen lanek apainduko dituzte Zumalakarregi eta Zubiko Kurajo abuztuan

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abu. 4a, 12:42

Biologiari lotutako elementuak izan ditu inspirazio iturri artista laudioarrak. 

Kulturlab egitasmoak ez du atsedenik hartuko udan. Duela urtebete abiatu zuten ekimena, dinamika sinplearekin: Laudioko edo Aiaraldeko sortzaile bat gonbidatzen dute hilero Zumalakarregi etorbideko paretetako batean mural bat atontzera. Hormairudiak hilabete osoan zehar daude ikusgai, hurrengo sortzailearen txanda iritsi arte. Orain arte, 14 bizilagunek parte hartu dute proiektu kolektiboan. 

'Zubiko Malekoia' osatzen dute tabernek, euren aldetik, antzeko egitasmo bat jarri zuten martxan maiatzean, Zubiko Kurajo kaleko pareta batean. Eta orain, bi ekimenek bat egin dute, sorkuntza eskaintza bikoitza osatuaz. Gauzak hala, uztailean Belen Herrerok bi mural atondu zituen, bi tokiak apaintzeko; eta orain, abuztuan, berdina egin du Susana Corbellak, antzeko estiloko bi lan plazaratuaz. Gorputzaren lurraldea izena jarri dio artista laudiorrak Zumalakarregi etorbideko muralari, eta biologiari lotutako elementuak (tolesdurak, hezurrak, azalak edota formak) izan ditu inspirazio iturri. Modu horretan, amak eta euren "gorputz-lurralde-aterpea" omendu nahi izan ditu. 

Zubiko Kurajoko muralak, aldiz, Hezurrak egiten du izenburu, eta gorputzeko atal horiek ditu ardatz. "Egituraren malgutasunari eta gogortasunari eta indarrari eskainitako obra da", Corbellaren hitzetan.

Zeramika du lanabes Susana Corbella Eguiluzek, eta ibilbide luzea egin du esparru horretan, hainbat erakusketa, arte-eskola eta bestelako egitasmotan parte hartuta. Gaur egun, Basauriko Anitza Arte Eskolako zuzendaria da. 

Muraletako zeramika piezen argazkiak egiteaz, aldiz, David Corbella Eguiluz arduratu da. 

Argazkiak: Luisan Garcia

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide