Ehundik gora lagun bildu ziren atzo eguerdian Laudioko San Pedro elizaren arkupeetan, Erroke Deuna Kofradiako kideek eginiko ekitaldian. Jose Mari Castillo erakundeko maiordomo moduan estreinatu zen ekitaldian. Berak gidatu zuen saioa, jaietarako eta egungo testuingururako berariaz prestatutako irakurketa batekin.
Munduko egoera aldakorra dela azaldu zuen Castillok eta, horri lotuta, aipatu zuen Kofradiara ere aldaketak datozela, aurten zuzendaritzan emakume bat sartu dela nabarmenduta. Kofradiako bazkarian iaz eginiko aldaketak ere defendatu zituen bozeramaileak, “guztien gusturako izan ez arren”. Aldaketen aurrean moldatu beharra dagoela defendatu zuen, “betikoa” inoiz existitu ez dela argudiatuta: “beti apur-apurka egokitzen jakin behar ukan dugu”.
Herriko egoera ere izan zuen hizpide Castillok. Glavistako egoera aipatu zuen, baina nabarmenduta egoera ezkorra herriko beste sektore batzuetara ere hedatu dela, merkataritzara edo enpresa txikietara kasu. Horren aurrean, “udal-ekintza bateratua” eskatu zuen Kofradiako buruak. Horrez gain, zaharren egoitzak hobeto kudeatu behar direla ere aldarrikatu zuen, gazteentzat aukera gehiago sortzearekin batera. Horretarako, elkarrekin lan egiteko deia luzatu zuen berriz maiordomoak, “agintzen duenak agintzen duela”.
Pitxarrak, Urresola eta Escondrillasentzat
Hitzartzearen ostean, pitxarrak entregatzeko ekitaldia egin zuten. Aurten Estibaliz Urresola Solaguren zinemagileari eta Itxaso Escondrillas Azkunaga atletari eman dizkiete aitortzak, Laudioren izena “mugetatik harago” eramateagatik. Ez batak ez besteak ezin izan zuten ekitaldira bertaratu, agenda kontuengatik. Gauzak hala, euren amek jaso zituzten oroigarriak euren izenean.
Lau kide berri sartu dira aurten Kofradian, 2 gizon eta 2 emakume.
11 urrezko domina, 50 urteko ibilbideagatik
Horrez gain, diploma eta urrezko domina eman zizkieten Kofradiako 11 kideri, erakundean 50 urte betetzeagatik. Honako kide hauek jaso zuten aitortza:
- Pedro Maria Urquijo Beitia
- Jose Julio Arbaizagoitia
- Gerardo Acha
- Eduardo Arana Perez
- Julio Gonzalez Etxebarri
- Gumer Arana
- Jesus Carlos Benito
- Pedro Murga Unzaga
- Juan Mari Galindez
- Juan Maria Ibarrola Ojembarrena
- Javier Marcuartu
Aurten zendutako kofradeak ere ekarri zituzten gogora, eta aipatu zuen abuztuaren 6an eginiko batzarrean lau kide berri onartu zituztela, bi gizon eta bi emakume.