60 marihuana landare atxiki ditu Ertzaintzak Laudion, droga hazkuntzaren eta banaketaren aurkako ikerketa baten barruan.
Astelehenean sartu ziren Laudioko ertzain-etxeko agenteak udalerriko lursail batean. “Miaketan neurri ezberdinetako 60 marihuana landare aurkitu zituzten ureztatze-sistemetara konektatuta, bai eta 2 kilo marihuana kukulu, 3 kristalezko pote, polena eta erretxina zituen plastikozko poltsa bat, doitasun-balantzak eta substantziak banatzeko materiala ere”, azaldu dute operazioa azaltzeko plazaratutako prentsa-oharrean.
Horren ondorioz, 53 urteko gizon bat ikerketapean jarri dute, “osasun publikoaren aurkako delitu batengatik”.
Hainbat operazio aurten
Astelehen honetakoaz gain, Ertzaintzak drogaren aurkako beste hainbat operazio egin ditu aurten eskualdean. Otsailean bi herritar inputatu zituzten drogen kontsumo eta salmenta leporatuta, taberna batean operazioa egin ostean.
Martxoaren erdialdean Laudioko beste bi establezimendutan sartu ziren, eta zigor aktak ireki zizkieten 20 laguni. Apirilean, aldiz, Amurrioko lonja batzuetan egin zuten operazioa, 14 lagun inputatuz.
Baina operazio handiena urte hasieran izan zen. Hiru tona marihuana topatu zituzten Belandian. Hedabide batzuen arabera, "EAEn inoiz eginiko inkautaziorik handiena" izan zen.
Hala ere, atxilotua aske utzi zuten kautelazko neurriekin, eta oraindik ez dute jakinarazi zein zen topatutako landereen printzipio psikoaktibo (THC) maila. Izan ere, zenbait hedabideren arabera, atxilotuak argudiatu zuen berak zuen marihuana CBD motakoa zela, hau da, ez toxikoa.