Laudioko Udalak ez du helegitea aurkeztuko euskararen kontrako epaiaren harira, Espainiako Auzitegi Gorenaren osaketa politikoa aintzat hartuta

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 12a, 12:15

Epaileak baliatutako argudioak "euskarafobotzat" jo dituzte euskalgintzako eragileek. / Alea

Tokiko erakundeak uste du Madrilgo auzitegiak aukera baliatuko lukela euskararen kontrako jurisprudentzia sortzeko, nahiz eta argudio juridikoak egon badauden EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra.

Laudioko Udalak oharra zabaldu du gaur jakinarazteko ez duela errekurtsorik eramango Madrilera EAEko Auzitegi Nagusiaren azken ebazpenari lotuta. Gogoratu beharra dago erabaki horretan epaileek berretsi zutela tokiko erakundeak lanpostua itzuli behar diola langile bati, nahiz eta euskarazko hizkuntza eskakizuna ez bete.

Ana Maria Martinez Varas epaileak hautsak harrotu zituen bere ebazpenean, besteak beste, ziurtatu zuelako euskara oso hizkuntza zaila zela.

Gauzak horrela, eta helegitea aurkeztu edo ez arrazoitzerako orduan, Laudioko Udal Gobernu Taldeak honakoa adierazi du: "Argudio materialak egonda ere, Goreneko baldintzek ez dute epaiaren edukiaren kontra egiteko biderik bermatzen, aitzitik, euskararen aurkako jurisprudentzia sortzeko bidea erraztu dezakete".

Hau da, Udalak azpimarratu du, beste hitz batzuekin, Espainiako Auzitegi Gorenak duen osaketa politikoak euskaldunen eskubideen kontra egin dezakeela, eta horregatik ez dutela bertara joko.

Zehazki, tokiko erakundeak aipatu du egungo egoera politikoak ez duela marko juridiko segurua eskaintzen. "Izan ere, euskararen eta euskal hiztunen hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi judiziala agerikoa da, Laudioko Udalaren kasuan Gazteizko epaileak emandako argudioek erakutsi bezala", nabarmendu du Ainize Gastaka alkateak.

Behargina berriro onartzeari dagokionez, Udala bere langile taldean sortutako egoerari nola aurre egin azterten ari da.

Epaia, "euskarafoboa"

Epaiak hautsak harrotu zituen iaz eta mobilizazioak eta erantzunak eragin zituen Laudion bertan zein Euskal Herrian. Euskalgintzako eragileek "epaileen oldarraldiaren" barruan kokatu zuten gertakaria:

Epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Udalak orduan EAEko Auzitegi Nagusian, baina honek ere bere horretan mantendu zituen epailearen argudioak. Orduan ere, mobilizazio eta elkarretaratzeekin erantzun zuten euskalgintzako agenteek.

Berez, Ana Maria Martinez Varasek argudiatu zuen euskara munduko bost hizkuntza zailenen artean dagoela. Halaber, aipatu zuen udal langilea 1.295 orduz joan zela klasera, euskara eskakizunaren lehen profila lortu zuela soilik eta tokiko erakundeak oso sentsibilitate gutxi erakutsi zuela berarekiko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide