Zuzendari nagusia aldatuko du Vidralak, eta ia laukoiztu egingo du akziodunei emango dien diru kopurua

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 4a, 10:49

Raul Gomez izango da zuzendari nagusi berria. / Vidrala

Raul Gomezek hartuko du Gorka Schmitten lekukoa kargu horretan. Enpresaren hitzetan, "ordezkapen prozesu planifikatu" baten emaitza izan da erabakia. Horrez gain, 4 euro banatuko ditu akzio bakoitzeko, Italiako enpresaren salmenta egikaritzen bada. 

Raul Gomez izango da Vidralako zuzendari nagusi berria ekainaren 30etik aurrera. Hala erabaki du enpresako administrazio kontseiluak. Gorka Schmitten lekukoa hartuko du Gomezek, baina orain arteko buruak ez du konpainia utziko, kontseiluko kide izatera pasatzea proposatuko baitiote.

Multinazionalak azaldu duenez, "ordezkapen prozesu planifikatu" baten emaitza izan da erabakia. Schmittek berak esker oneko hitzak izan ditu, Vidralaren buru gisa emandako 13 urteak "pribilegio" bat izan direla nabarmenduta. "Aparteko enpresa batean lan egiteko zortea izan dut, talde eder batez inguraturik eta emaitza bikainak eskuratuta, eta Raul lagunduko dut trantsizio eraginkor bat eskuratzeko", ziurtatu du orain arteko CEOak.

Gomezentzat, aldiz, "ohore" bat izan da administrazio kontseiluaren konfiantza eskuratzea. Bere hitzetan, hiru izango dira enpresaren printzipio estrategikoak eta kudeaketa gidatuko duten oinarriak: "bezeroak, kostua eta kapitala". Ildo horretan, "akziodunentzat balioa sortzen jarraitzea" da Gomezen asmoa, "burua bezeroengan tinko jarrita, eta produktuak eta zerbitzuak modu jasangarrienean hornitzeko helburuarekin". 

4 euroko "ezohiko dibidendua" banatuko du Vidralak akzio bakoitzeko, Italiako enpresaren salmenta egikaritzen denean. Urte hasieran adostutako 1,4 euroko dibidenduari gehituko zaio banaketa berri hori.

Diru gehiago akziodunentzat

Vidralako zuzendaritzako kideak pozik azaldu dira urteko lehen hilabeteek utzitako emaitzekin. Brasileko Vidroporto enpresaren erosketa jarri du mugarri gisa, eta iragarri du "hazkuntza joerak" izatea espero dutela. Aurreratu dutenez, akziodunen batzarrean emango dituzte xehetasun gehiago, apirilaren 30ean. 

Eta akziodunak aipatuta, multinazionalak iragarri du ezohiko dibidendu bat banatzeko asmoa duela aurten, Italian duen enpresaren salmenta ofizialki egikaritu ostean. Zehaztu dutenez, 4 euro banatuko dituzte akzio bakoitzeko. Kontuan hartu behar da enpresak otsailean iragarri zuela 1,4 euro banatuko zituela aurten akzio bakoitzeko, 46,6 milioi euro guztira. Gauzak hala, horri batuko zaio 4 euroko dibidendu berria. Ondorioz, dena iragarri bezala badoa, akziodun bakoitzak 5 euro baino gehiago jasoko ditu aurten akzio bakoitzeko. 

Bien bitartean, albisteak ez dira horren baikorrak Laudion. Aiala Vidriok (Vidralaren barruan dagoen enpresak) iaz iragarri duen 90 enplegu suntsitzeko asmoa zuela, eta urte amaierarako 40 langilek sinatu zuten borondatezko kaleratzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide