Pagolarrera martxa antolatu zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak igandean, San Joan Astobitzako jaien egitarauaren barruan. Tontor horretan eta ingurukoetan eraiki nahi dituzten aerosorgailuak salatzea izan zen ibilaldiaren helburua. “Munstro horiek kokatuko dituzte Pikubiarte, Pagolar, Mostatxa, Ansoleta, Pagonabarra eta Aranguren gailurretan. Bi kilometroko erradioan eragina izango dute, eta kalteak eragingo dituzte eremu horretako etxebizitza eta baserri askotan”, zehaztu zuten gailurrean eskainitako hitzartzean.
Baina ez ziren proiektu zehatz hori kritikatzera mugatu. Eskualdean planteatutako beste egitasmo eolikoak ere izan zituzten hizpide. Nabarmendu zutenez, “200 metroko erraldoiz osatutako 360 graduko panoramika bat” ikusi ahalko da Pagolarren tontorretik, “Eusko Jaurlaritzan aurkeztu diren proiektu guztiak aurrera badoaz”. Horrez gain, makroproiektu fotoboltaikoak ere kritikatu zituzten, eta baita “Urduñatik sartu eta Okondotik aterako den goi-tentsioko linea” ere.
Plataformako kideen iritziz, herritar asko daude aipatutako proiektuen aurka, eta Eusko Jaurlaritzak eta energia-korporazioek sustatutako “energia garbi eta iraunkorraren ideia” kritikatu dute, “ingurumen eta giza hondamena mozorrotzeko” saiakera bat direla nabarmenduta. Horrekin batera, ohartarazi dute proiektu horiek “kalte konponezina” ekarriko dutela eskualdera, “balio ekologiko handiko” eremuak okupatuko lituzketelako eta “atmosferako CO2 xurgatzen laguntzen duen landaredia” deuseztatuko litzatekeelako, besteak beste.