Arantzarreko aparkalekuko langileek Udalaren konpromisoa lortu dute, euren egoera batzorde batean aztertu dezaten

Erredakzioa 2024ko uzt. 30a, 15:34

Arantzarren kokatuta dagoen kamioien udal aparkalekuko langileek manifestazioa egin zuten atzo goizean eta arratsaldean udalbatzan hartu zuten hitza. Alderdiek iradoki zieten batzorde bat deitu dezaketela euren egoera aztertzeko.

Estacionamientos y Servicios enpresak sei langile ditu Arantzarreko kamioien udal aparkalekuan eta beharginek aspaldi ekin zioten grebak egiteari, euren lan baldintzak hobetzeko asmoz. Atzo, gainera, manifestazioa deitu zuten goizean eta arratsaldean udalbatza aretora bertaratu ziren, osoko bilkuran parte hartzeko.

Izan ere, beharginen borroka hasi zen estatuko lan hitzarmena dutelako eta "lan baldintza duinak" eskuratu nahi dituztelako. Zehazki, ELAko  ordezkariak udaletxean azaldu zuenez, 1.100 euro hilero jasotzetik, urtero 1.400 euroko 14 soldata izatera igarotzea da aldarri nagusia.

Dena den, Laudioko Udalak iragarritako zerbitzu aldaketen ondorioz, langileek uste dute kalean geratuko direla, ez baitago subrogaziorako tarterik. Hori salatzeko jo zuten atzo udalbatzara eta aldarrikatu zuten zerbitzu eredua eraldatzeko asmoa izanez gero, eurak prest daudela trebakuntza jasotzeko, lanpostuei eusteko.

Aparkalekua bera arriskuan

Egoera argitzeko, Ainize Gastaka alkateak hartu zuen hitza, beste alderdiek ere hala eskatuta. Udal buruaren parte hartzea argigarria izan zen: "Zerbitzu hau ez da derrigorrezkoa. Udalak eskaintzen du garraio eta industria sektorea bultzatzeko, baina egun zerbitzua defizitarioa da eta horrela jarraituz gero, arriskuan egongo dena aparkalekua bera izango da".

Ainize Gastaka alkateak argudiatu zuen langileen subrogazioa ezinezkoa dela, abian jarri nahi den zerbitzua berria delako.

Gauzak horrela, alkateak aldarrikatu zuen ezinbestekoa dela beste zerbitzu batzuk ematea bezero gehiago erakartzeko eta udal bitarteko hori irekita mantentzeko. Izan ere, azpiegitura hori ez badago, garraioaren sektorea kaltetu daiteke, bere aburuz. Zerbitzu berria ezarri nahi denez, subrogazioa ezinezkoa dela argudiatu zuen gobernuburuak.

65.000 euroko galerak urtero

Behin Gastakaren iritzia ezagututa, Alvaro Barrios Omniako bozeramaileak hitza hartu zuen udal gobernu taldearen erabakia defendatzeko, eta aipatu zuen aparkalekuak 65.000 euroko galerak eragiten dituela urtero. "Herritarren zergen bitartez jasotzen dugun dirua ondo inbertitu beharra dago. Egungo zerbitzua defizitarioa ez izateko garraiolariei hirukoitza kobratu beharko genieke, eta hori ez da bideragarria", azpimarratu zuen Barriosek.

Halaber, gatazkaren ardura enpresaren gainean utzi zuen Omniako kideak: "Kontratua esleitu bezain pronto, aurretik zeuden langile guztiak kaleratu zituen". Kontuan hartu behar da Omnia izan dela udal gobernua utzi arte aparkalekuaren ardura izan duen alderdia.

Batzorde bat deitzea

EAJren txandara helduta, Ander Larrinagak bat egin zuen alkateak esandakoarekin: "Zerbitzu ezberdina izango bada, ezin dira langileak subrogatu".

Edonola ere, jeltzaleak iradoki zuen batzorde bat deitzea alderdien eta langileen artean, aztertzeko zein bide jorratu daitezkeen etorkizunerako.

Ainize Gastakak ez zuen txarto ikusi ideia. Ondorioz, beharginen ordezkariak aldarrikatu zuen Udalaren deiaren zain egongo direla batzorde horretan parte hartzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide