Gaur bertan jakinarazi dute EH Bilduk eta Omniak azken alderdi horrek udal gobernu taldea utziko duela oposiziora batzeko. Taldeek eskainitako azalpenez gain (hau da, nola banatuko diren liberazioak hemendik aurrera eta mantenduko diren adostasunak zenbait proiektu estrategikotan), gertaerak galdera ugari utzi ditu airean.
Lehenengoa, oso argia: Orain arteko udal gobernu taldeak gehiengoa izan du funtsezko erabakiak hartzeko orduan, hamar ordezkari baitzituen hamazazpi eserlekuko Udal Osoko Bilkuran. Etorkizunean, ordea, EH Bilduk akordioak sustatu beharko ditu edozein neurri estrategiko onartzeko, eta lehenengoa ate joka dago jadanik.
Laudioko Udalak erronka estrategikoak izango ditu berehala, besteak beste, 4,2 milioi euroko aurrekontu parte hartzaileak onartzea
Hain zuzen, Udalak 4,2 milioi euroko aurrekontu parte hartzaileak abiatu zituen eta berehala adostu eta onartu beharko lituzkete udalbatzan. Printzipioz, ez dirudi Omniak hori arriskuan jarriko duenik, baina parte hartze prozesua gauzatu ondoren, aukera hor dago.
Horrez gain, Laudioko Udalak anbizio handiko parte hartze eredua abiatu du legealdi honetan eta horren barruan kokatu dituzte aurrekontuak edota Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), funtsezko tresnak udalerriaren oraina eta etorkizuna definitzeko.
Esan bezala, aintzat hartuta Omnia parte hartzearen defendatzailea dela, ez dirudi aurten hori kolokan egongo denik, baina etorkizunean ez du zertan horrela izan.
Udalbatzaren matematika burugogorra
Izan ere, gaur egun, EH Bilduk eta Omniak nolabaiteko dibortzio atsegina erdietsi badute ere, udalbatza bilakatuko da harreman horren termometroa eta ikusteke dago bi bazkide ohien arteko sintoniak iraungo duen edo, kontrara, endekatuko den.
Elkarlana mantentzen bada, Omniak aldarrikatu dezake bere eragina positiboa izan dela Udalean, eguneroko kudeaketan erre gabe, EH Bilduk eguneroko burokraziari aurre egiten dion bitartean.
Ordea, EH Bilduren eta Omniaren arteko harremanak okerrera egiten badu, ezin da ahaztu, matematika oinarri hartuta, tartea dagoela zentsura mozioa adosteko EAJ eta Omniaren artean. Ez da berehala gertatu behar, baina izan daiteke urtebetean, esaterako, politikak ezuste ugari dakar eta.
EAJ eta Omniaren ordezkari kopuruak ahalbidetzen die zentsura mozioa aurkeztea
Printzipioz, horrek suposatuko luke Ander Añibarro legebiltzarkide izateari utzi beharko liokeela alkatetza hartzeko, baina, teorian, bada aukera egingarria. Bestelako ardura banaketak ere egin daitezke: Ander Larrinaga udalburu bilakatu Arabako Foru Aldundia utzita, Maite Cortazarren liberazio osoa baliatuta, edota, kasurik sinegaitzena, momentuz, Alvaro Barrios bera alkate egitea.
Bestalde, gogoratu beharra dago Omniak oso argi adierazi zuela bere asmoa zela udal gobernuan parte hartzea eta azken unera arte negoziazioak izan zituela EH Bildu zein EAJrekin. Alderdi independenteak aitortu bezala, adostasuna gai zehatzetan handiagoa zen jeltzaleekin, baina Omniako kideek hautatu zuten EH Bilduren aldeko bidea hartzea parte hartze eta aldaketarako filosofia partekatuta.
Hiru urte luze eta gogor
Gauzak horrela, EH Bilduri dagokiona bada, lehenik eta behin, Omniak sortutako hutsuneak betetzea. Hau da, ingurumena eta trantsizio energetikoa, irisgarritasuna eta mugikortasuna, garapen ekonomikoa, teknologiako eta informatikako mantentze-lanak eta berrikuntza, hiri- eta landa-guneetako mantentze-lanak, kultura, kirola eta adinekoak, aurrekontu parte-hartzaileak, gardentasuna, ekonomiaren sustapena, merkataritza eta ostalaritza, turismoa eta kontsumoaren sailen ardurak banatzea, alegia.
Horrez gain, zazpi ordezkari izanda udalbatzan, koalizioak adostasunerako prestutasuna handitu beharko du, gutxienez hiru aurrekontu onartu beharko baititu legealdia agortu arte eta HAPOa ere mahai gainean dago. Jarduera ez da erraza izango, sei zinegotzi dituen EAJren oposizio frontala aurreikusi daitekeelako. Duela egun gutxi plazaratutako jeltzaleen balorazioa da horren adibide.
Tokiko erakundean sortutako ezegonkortasun berria, edozein ziurgabetasun bezala administrazioan, ez dirudi, printzipioz, zuzenean eragin positiboa izango duenik herritarrengan, baina ikusteke dago zenbaterainokoa den Laudioko Udalbatzan aritzen diren alderdien erresilientzia gaitasuna.