2022an abiatutako ekimenari eutsiko dio Kulturlabek hasi berri den ikasturtean. Mural bat atontzen dute hilero Zumalakarregi etorbideko pareta batean, herriko edota eskualdeko sortzaile batek espazio horretarako berariaz pentsatu eta eginiko lan batekin.
Udan zehar Jose Mari Castillo argazkilariaren 'collage' bat egon da ikusgai, eta Aimar Gutierrezek hartu du orain lekukoa, Palestinaren aldeko komiki-tira batekin. Igandean itsatsi zuten ilustratzaile laudioarrak eginiko irudia, auzolanean.
Horrez gain, igandean eman zioten amaiera baita ere abuztutik Kulturlaben lokalean ikusgai egon den erakusketari. Laudioko 25 artisten piezak bildu zituzten bertan. Ikasturte berrian ere, beste hainbat sorkuntza ekimenei aterpea emateko baliatu nahi dute Elizalde kaleko espazioa.