Diru gehiago esku gutxiagotan. Horrela laburbildu daiteke Vidralak iaz baliatu zuen politika bere zuzendaritzako kideen soldata eta dietak zehazterako orduan. Beiraren multinazional laudioarrak 10.417.000 euro banatu zituen orotara bere Administrazio Kontseiluko kideen eta goi kargudunen artean. Ez da igoera bereziki handia, 2023an 9.944.000 euro baliatu baitzituzten guztira zeregin berdinerako.
Baina bi kopuruen arteko aldea handitu egiten da dirua zenbat poltsikotan amaitu duen ikusiz gero. Izan ere, Administrazio Kontseiluan 13 kide izatetik 11 izatera pasa dira azken urtean, eta goi-kargudunak 15 izatetik 11 izatera pasa dira. Hau da, sei pertsona gutxiago daude zuzendaritza marko horietan.
Administrazio kontseiluko kideen artean 1.794.000 euro banatu zituzten iaz orotara, aurreko epealdian baino 91.000 gehiago. Urtero bezala, Carlos Delclaux Zuluetak jaso zuen diruaren zatirik handiena. Bera da Vidralaren presidentea eta bere familiarekin agertzen da Espainiako Estatuko pertsona aberatsenen zerrendan, 88. postuan.
Hemen ikusi daitezke Administrazio Kontseiluko soldata eta dieten bilakaera, urtez urte eta kontseilariz kontseilari:
Kontseiluaren parte ez diren goi kargudunen artean, aldiz, 8.623.000 euro banatu zituen multinazionalak iaz. Enpresak ez du zehazten zenbat diru jaso duen zehazki pertsona bakoitzak, izenak aipatzera soilik mugatzen baita:
- SEAN MURPHY Encirc zuzendari nagusia
- ORIOL MOYA Operazio zuzendaria
- VICTOR TOLOSA Vidrala Europako zuzendari nagusia
- RAUL GOMEZ Zuzendari nagusia (Uztailaren 1etik aurrera)
- JOSEBA FERNANDEZ DE MENDIA Giza baliabideen zuzendaria
- ANGEL ROLDAN Zuzendari komertziala
- GALO ALVAREZ Jasangarritasun zuzendaria
- EDSON ROSSI Vidroportoko zuzendari nagusia
- GORKA SCHMITT ZALBIDE Zuzendari nagusia (ekainaren 30era arte)
- ELENA GARATE Finantza administratiboen zuzendaria
- JON BARRENECHEA Barne-auditorea
- IÑIGO MENDIETA Finantza kooperatiboen zuzendaria
Igoera leuna izan da 2023ko urtearekin alderatuta. Hala ere, lehen esandakoa kontuan izan behar da: lehen 15 kide zirela, eta orain 11 (Victor Tolosak udan hartu zuen Gorka Schmitten lekukoa zuzendari nagusi gisa). Dena den, igoerarik nabarmenena 2021 eta 2022. urteen artean eman zen, 12 pertsonen artean 3.320.000 euro banatzetik 14ren artean 8.604.000 pasa baitziren:
Goiko datuak ikusita, bi ondorio nagusi atera daitezke. Alde batetik, multinazionalaren azken urteko emaitza oparoek isla dute konpainiako buruen irabazi pertsonaletan (langileenetan ez bezala). Bestetik, badirudi Vidralak bere zuzendaritzako kideen kopurua murrizteko joera hartu duela, diru gehiago esku gutxiagoren artean banatuz. Eta horrek badu nolabaiteko errima bat Laudioko lantegian (Aiala Vidrio) hartutako erabakiarekin, bertan behargin gutxiago enplegatzeko hautua hartua baitu multinazionalak.
Artikulu honetan baliatutako datu guztiak Vidralak berak emandakoak dira, Merkatuaren Espainiako Batzordera igorritako dokumentazioan. Burtsan kotizatzen duten enpresak daude derrigortuak datu horiek ematera. Vidralaz gain, eskualdean beste bi lantegi baino ez daude egoera horretan: Tubacex eta Tubos Reunidos.