Errolda soziala ezartzeko protokoloa abian jarri dute Laudion eta Artziniegan

Txabi Alvarado Bañares 2026ko maiatzaren 15a

Errolda sozialaren aldeko kartel bat, Laudioko Udalaren aurrean. / Aiaraldea.eus

Protokolo bera onartu dute bi Udalek, “kalean edo infraetxean” bizi diren pertsonen egoera bideratzeko. 

Martxan dago errolda soziala aplikatzeko protokoloa Laudio eta Artziniegan. Hala jakinarazi dute bi Udalek gaur bidalitako prentsa ohar baten bidez. Azaldu dutenez, “otsailean elkarrekin hasitako bide baten emaitza” izan da, “Aiaraldeko pertsona zaurgarrien egoera eta kaleko egoeran dauden pertsonei arreta emateko estrategia aztertuta”. Izan ere, nabarmendu dutenez, eskualdean geroz eta gehiago dira “kalean edo infraetxean” bizi diren pertsonak, eta egoera horiei bide emateko osatu dute protokoloa. 

Otsailaren 17an plazaratu zuten Laudio, Artziniega eta Aiarako Udalek errolda soziala aktibatzeko asmoa. Aiaraldeko Kuadrillara eraman zuten gaia, eta horren ostean erabaki dute lehen bi udalerriek urratsa ematea. Aiarako Udalak, aldiz, beranduago aktibatuko du, Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez. 

Proiektu pilotua

Bi Udalek jakinarazi dute Kuadrillan gaiari buruz izandako bileran beste gauza bat ere onartu zela: proiektu pilotu bat garatzea Aiaraldeko pertsona zaurgarrien errealitatea aztertzeko eta egoerari egokitutako konponbideak proposatzeko. Zehaztu dutenez, kaleko gizarte hezitzaileen bidez garatuko dute egitasmo hori, eta 4.000 euroko partida bideratuko dute horretara. Dena dela, partida hori handitzeko asmoa plazaratu dute bi Udalek, Kuadrillaren aurtengo aurrekontu-negoziazioen bidez. 

Soka luzea ekarri du errolda sozialaren gaiak eskualdeko tokiko erakundeen artean. Ondo Etorri elkarteak, bere aldetik, sinadura bilketa du abian martxotik, neurria "berehala" aplikatzea eskatzeko. 

Bi tokiko erakundeek gogorarazi dute ekimen hau “Arabako Gizarte Politiketako Sailak emandako erantzunaren ondoren” planteatu zela. “Izan ere, Sailak adierazi zuen ados zegoela helarazitako azterketarekin eta proposamenekin, baina baliabiderik eskaintzen ez zuenez, aurrera egin behar dela uste da”, argudiatu dute. Horregatik erabaki dute eskualdetik “urratsak” ematen hastea, “autonomia eta gizarteratzea sustatzeko”, egoera “gero eta gordinagoa” dela ohartarazita. 

Soka luzea

Soka luzea ekarri du errolda sozialaren gaiak azken hilabeteetan. Arestian aipatu bezala, otsailean plazaratu zuten EH Bilduk gobernatutako hiru Udalek errolda soziala aktibatzeko asmoa. EAJk, bere aldetik, "ke-gortina" gisa definititu zuen asmo hori, "okupazioari eta segurtasunari buruzko eztabaida saihesteko". Dena dela, Amurrioko Udalak errolda soziala aktibatzeko eredu bat proposatu zion Aiaraldeko Kuadrillari apirilean. 

Erakunde publikoetatik harago, errolda sozialaren "berehalako" aktibazioa eskatzeko sinadura bilketa abiatu zuen Ondo Etorri elkarteak martxoan. Eragile horren hitzetan, Udalak "legez daude derrigortuta" udalerrian bizi diren pertsona guztiak erroldatzera, “oinarrizko eta funtsezko eskubidea baita, baita pertsonek etxebizitza finkorik ez duten kasuetan ere”.

Gainera, ohartarazi dutenez, errolda sozialaren eskaerak badu harremana Espainiako gobernuak abiatutako migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuarekin. Prozesu horretara batzeko bi baldintza nagusi bete behar dira: Espainiako estatuan iaztik behintzat egotea eta eskaera egiten den unean bost hilabete eramatea bertan modu jarraituan bizitzen, aurrekari penalik ez izatearekin batera.

Gauzak hala, erroldatuta egotea ezinbesteko baldintza ez den arren, Ondo Etorriko kideek uste dute “bizileku jarraitua egiaztatzeko ezintasuna beste oztopo bat izan daitekeela” aipatutako baldintza horiek betetzen direla frogatzerako orduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide