Fernando Valldeperes Ferosca Wind enpresako CEOak hedabidetara jo du adierazteko Delta Power konpainiako filiala ez dagoela ados Arabako Foru Aldundiaren erabakiarekin eta errekurtsoa aurkeztuko duela Ferosca I zentral eolikoa eraikitzeko.
Izan ere, foru erakundeak uko egin dio azpiegitura energetikoa ahalbidetzeko baimenari eta enpresariak azaldu du, bere ustez, 1995eko HAPOko araudiak ez lukela eskumenik izan behar proiektu eolikoak gelditzeko, garai horretan ez baitziren existitzen energia berriztagarriak bultzatzeko proiektuak.
Halaber, Valldeperesek argudiatu du zentral eolikoa interes publikokoa dela eta argudio horiek baliatuko dituztela, besteak beste, Aldundiak iritzia alda dezan.
Sei aerosorgailutik hirura
Edonola ere, maiatzeko ezustekoa ez da Ferosca Windek eramaten duen lehenengoa. Izan ere, konpainiak instalatu nahi zituen hiru aerosorgailu debekatu zituen urtarrilean, hau da, erdia. Erakunde publikoak argudiatu zuen bioaniztasuna arriskuan jartzen zutela.
Aurretik ere Aiarako eta Laudioko aurkako jarrera zuen Ferosca Windek eta hori ez ezik, herri ekimen jendetsuak ere aritu dira kontra. Esaterako, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek 1.000 alegazio baino gehiago bildu zituen eta Larrazabalgo auzokideek ere errekurtsoa aurkeztu zuten.