195.562,26 euroko kalte ordaina eman beharko diote Sidenorrek eta Cofivacasak amiantoagatik hildako Aceros de Llodioko langile baten senideei

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 21a

Aceros de Llodion lan egin zuen 2019an hildako beharginak amiantoarekin.

"Tabakoaren argudio enpresariala desmuntatu" dute epaian, Asviamie elkartearen arabera. 

Sidenor eta Cofivacasa kondenatu dituzte Aceros de Llodioko langile baten heriotzagatik, bi konpainia horiek baitira Laudioko altzairu fabrikaren oinordeko legalak. Gasteizko Lan-arloko epaitegiak duela urtebete eman zuen probatutzat Vicente C.R. amiantoarekin lan egiteagatik hil zela. Orain, aldiz, ebatzi du 195.562,26 euroko kalte ordaina eman beharko diotela aipatutako bi enpresek beharginaren senideei. 

Asviamie elkarteak eman du sententziaren berri. Amiantoaren biktimen elkarteak azaldu duenez, Vicente C.R-k 1963tik 1987ra bitartean lan egin zuen Aceros de Llodion laminatzaile moduan, eta denbora tarte horretan guztian egon zen minbizia eragiten duen mineral horrekin harremanetan. Birikietako minbizia eragin zion horrek, eta 2019an zendu zen. 

Asviamiek berak azaldu duenez, hildako langilea erretzailea zen 14 urte zituenetik, eta hori baliatu dute Sidenorrek eta Cofivacasak senideek jarritako "demanda bertan behera uztea edo kalte-ordaina %50 murriztea" eskatzeko.

Argudio hori "onartezina eta juridikoki sostengaitza" dela salatu du elkarteak. Izan ere, duela urtebeteko sententzian jada ebatzi zen Vicente CR amiantoarekin harremanetan egon zela, ez zitzaiola segurtasun neurri egokirik eskaini, eta bere heriotza eragin zuen gaixotasuna profesionala zela. Epaitegiaren arabera, tabakoa erretzeak gaixotasuna azkartu zezakeen, baina ez zen birikietako minbizia eragin zuena. 

Hildako langilea erretzailea zen 14 urte zituenetik, eta hori baliatu dute Sidenorrek eta Cofivacasak senideek jarritako "demanda bertan behera uztea edo kalte-ordaina %50 murriztea" eskatzeko.

Horrez gain, familiaren salaketak jaso du Aceros de Llodioko langile ohiak amiantoz eginiko arropak baliatzen zituela labeko tenperatura altuez babesteko. Osalanen txostenak, bere aldetik, nabarmentzen du langileei inoiz ez zitzaiela eman amiantoaren arriskuen gaineko informaziorik, eta horretara bideratutako azterketa medikuak ere ez zituztela jaso. 

Asviamieko kideak pozik azaldu dira sententziarekin, "tabakoaren argudio enpresariala" desmuntatzen duela nabarmenduta.

Euren ustez, azken urteetan plazaratu diren epaiek argi utzi dute enpresek amiantoari lotutako segurtasun araudia "modu orokortu eta jarraituan" urratu dutela. Gauzak hala, gai honekiko isiltasuna apurtzeko deia luzatu diote Confebask patronalari. 

Kasu gehiago

Vicente C.R. ez da Aceros de Llodion amiantoarekin lan egiteagatik hil den lehen langilea. 2019an ere beste langile bat zendu zen arrazoi beragatik. 2024an iritsi zen epaia. Kasu horretan, Cofivacasak 129.447 euroko kalte ordaina eman behar izan zion familiari. 

2020an, aldiz, epaitegi berak ebatzi zuen Laudioko altzairu fabrikako beste behargin batek ere amiantoaren zuntzak arnasteagatik garatu zuela minbizia. 2011n ere antzeko beste kasu bat eman zen. 

Eskualdeko beste enpresa batzuetan ere jazo dira antzeko kasuak, eta 2018an Asviamie elkartearen Aiaraldeko taldea sortu zuten, amiantoarekin kontaktuan egon diren eskualdeko bizilagunei eta euren senideei laguntzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide