Aurtengo Donostiako Zinema Jaialdiak laudioar zaporea izango du, dudarik gabe. Izan ere, Txani Rodriguez eta Esti Urresola hautatu dituzte epaimahai lanak egiteko.
Irailaren 18tik 26ra bitartean, hortaz, idazleak eta zuzendariak filmak ikusi eta baloratu beharko dituzte. Rodriguez Euskal Zinemaren Irizar Sarian arituko da. 20.000 euroko saria banatuko dute atal horretan edozein sailetan, mundu osorako estreinatutako euskal ekoizpenik onenari.
Zinemaldiko programazioaren barruan munduan estreinatzen diren eta gutxienez %20 euskal ekoizpena duten edota hizkuntza nagusi bezala euskara edota euskal komumitate gaitzat dituzten film luze guztiak sartuko dira irizpideen barruan.
Laudioarrak Marta Etura antzezlea eta Simon Blondeau izango ditu bidelagun erabakia hartzeko.
Esti Urresola Nest sekzioko epaimahaiburua
Bere aldetik, Esti Urresolak ardura handia hartuko du Nest atalean. Bere eginkizuna izango da zinema ikasleek sortutako film labur onena saritzea 10.000 eurorekin. Horretarako hautatutako ikasle talde bat ere egongo da iritzia ematen.
Gainera, gogoratu beharra dago Uxue Derecho antzezlearen Aho beltza filma zinemaldiaren testuinguruan estreinatuko dutela.
Horri esker partaidetza aiaraldearra laugarren urtez jarraian luzatuko da Zinemaldian, Azken erromantikoak 2024an aurkeztu baitzuten eta iaz Miren Gaztañagak saria jaso zuen. 2023an, aldiz, Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filmak bi sari eskuratu zituen.