1,7 milioi euroko aurrekontua izango du Okondoko Udalak aurten. Hala azaldu du udal gobernua osatzen duen alderdiak (EAJ) prentsa ohar baten bidez.
Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, 572.555 euro bideratuko dituzte Udaleko langileen gastuetara eta beste 569.450 euro "ondasunak, funtzionamendua eta zerbitzuak erosteko gastuetarako".
Igoerak partida askotan
Oharrean nabarmendu dutenez, arreta berezia jarri dute “udalerriko bizilagunen aisialdiarekin eta jarduerekin” zerikusia duten partidetan, eta igoerak ezarri dituzte diru-kopuru gehienetan. Hemen ikusi daiteke bilakaera iaztik hona:
Gastu finantziarioei dagokionez, EAJko udal gobernuak nabarmendu du aurtengo aurrekontua dela hirugarrenekin zorrik ez duen lehena “denbora askoan”. Gauzak hala, 100 euro baino ez dituzte bideratuko maileguak ordaintzera, “modu sinbolikoan”.
Transferentzia arruntetan ere eman da igoera. 234.664 euro esleitu dituzte guztira. 8.000 euro emango dizkiete guztira udalerriko elkarteei, iazko partida bikoizteko. Horrez gain, 15.000 euroko partida sortu du Udalak etxeko suteak prebenitzeko eta itzaltzeko.
Inbertsioetara, aldiz, 302.810 euro bideratuko ditu tokiko erakundeak guztira, aurrekontu osoaren %17,98. Modu honetan banatuko da diru hori:
Bukatzeko, tokiko erakundeak 4.000 euro erreserbatu ditu Okondoko herritarrek Aiaraldeko zein Gueñeseko kiroldegiak erabiltzeko aukera izan ditzaten.
“Esker ona” oposizioko talde politikoei
EAJk soilik bozkatu zuen udal aurrekontuen alde. Okondo Aurrera abstenitu egin zen bozketan eta EH Bilduk aurkako botoa eman zuen, horretarako hainbat arrazoi plazaratuta.
Hala ere, udal gobernu taldeak esker ona adierazi die bi taldeei, aurrekontuetan egin dituzten ekarpenak balioan jarriz: “Okondo Aurreraren partida bat sartu da udalerrian CRAD baten azterketa egiteko; EH-Bilduk, berriz, panel informatikoak instalatzeko postontzi eta informazio-seinaleen partida aprobetxatzea proposatu eta onartu du”.
Gauzak hala, Jon Escuza alkateak uste du onartutako plangintza ekonomikoak “EAJ-PNVk Okondoko ongizatearekin eta aurrerapenarekin duen konpromiso irmoa” islatzen duela, “herritarrek planteatutako beharrei erantzunez eta udalerri oparo eta modernoago baterako bideari eutsiz”.